Familiak literaturan duen irudikapenari buruz arituko dira Karmele Jaio eta Jon Bilbao
Bihar izango da solasaldia, 19:00etan, Bilboko Bidebarrietako Kulturgunean, Txani Rodriguezen gidaritzapean.
Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak Literaturarekin XXI. mendean zikloaren barruko saioa egingo du bihar, hilak 21. Topaketa honetan Jon Bilbao eta Karmele Jaio idazleek hartuko dute parte, Txani Rodriguez idazlea moderatzaile dutela.
Familiak literaturan duen irudikapenari buruz hitz egingo dute, eta istorioetan duten rola edo fikzioan egiten ari diren familiaren irudikapenak aztertuko dituzte.
Jon Bilbao (Ribadesella, Asturias, 1972) meatze-ingeniaria eta Ingeles Filologian lizentziatua da. Hainbat ipuin liburu idatzi ditu, tartean Como una historia de terror (2008), Bajo el influjo del cometa (2010) eta Fisica familiar (2014). Eleberriak ere sortu ditu, hala nola Padres, hijos y primates (2011), Shakespeare y la ballena blanca (2013), El silencio y los crujidos (2018), Basilisco (2020) eta Araña (2023). Bilbon bizi da eta itzulpengintzan aritzen da.
Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) ezaguna da euskal literaruaren munduan. Hiru eleberri idatzi ditu: Amaren eskuak (2008), Musika airean (2013) eta Aitaren etxea (2019); eta baita hiru narrazio-liburu ere: Hamabost zauri (2004), Zu bezain ahul (2007) eta Ez naiz ni (2012). Orain hilak ditugu poesia liburua ere kaleratu zuen 2015ean.
Topaketa 19:00etan hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian. Aurkezpena streaming bidez ere jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean.
