Famatuen artean ugaritzen ari den joera: etxeko animalien klonazioa
Maite duten katua edo txakurra galdu edo hiltzean, klonaziora jotzen dute dirua duten zenbait famatuk.
Etxeko animaliak familiaren parte izaten dira gehienetan, eta etxekoek harreman estua izaten dute haiekin. Hura hiltzean nahigabe handia sentitu ohi dute askok. Hori dela eta, alternatiben esperoan dira zenbait. Txakurren bizitza zertxobait gehiago luzatzeko moduen bila ari dira zientzialariak, eta bien bitartean, beste aukera bat ere sortu da: animaliak klonatzea.
Lehen aldiz klonatutako ugaztuna Dolly ardia izan zen, Eskoziako zientzialariek 1996an klonatu zutena. Orduz geroztik, zaldiak eta gameluak klonatzeko joera ere zabaldu da, haien balioa dela eta. Baina arrazoi sentimentalak tarteko, gero eta gehiago dira etxeko txakurrak edo katuak klonatzen dituztenak.
Barbra Streisand aktore eta abeslariaren txakurra hil zenean, bi klon egiteko eskatu zuen, eta Paris Hiltonek ere gauza bera egin zuen txakurra galdu zuenean. Argentinako presidentea den Javier Mileik Conan izeneko txakurra bost aldiz klonatu zuen, baina txakurkumeetako bat hil egin zen handik gutxira. Duela gutxi egindako elkarrizketa batean, Tom Brady futbol amerikarreko jokalari estatubatuarrak bere oraingo txakurra 2023an hildakoaren klona dela aipatu du.
Etxeko animaliaren ehuna hartzen dute klonaziorako, hura oraindik bizirik dela edota hil eta berehala, hil eta hiru eguneko tartean izan behar baitira zelulak laborategian. Zelula horiekin enbrioiak sortu eta ordezko ama bati ezartzen dizkiote. Klonatutako animaliak genetikoki berdin-berdinak izan arren, ezin da ziurtatu, ordea, haien izaera eta jokaera hala izango denik.
Hainbat enpresa aritzen dira langintza horretan, baina Viagen Pets enpresa estatubatuarra da ezagunenetako bat. 50.000 eta 55. euro arteko kostua izaten du txakur edo katu bat klonatzeak eta zaldien kasuan, berriz, 74.000 inguru.
Animalien ongizatea jokoan
Halakoetan ohikoa den moduan, etikoki kezka sortzen du honek. Hasteko, animalien ongizatearen inguruko zalantzak sortzen dira, bai klonatutakoenak eta baita haurdunaldia eragiten dieten txakur emeenak ere. Bestetik, Nature aldizkariak 2022an kaleratutako ikerketa baten arabera, klonazio saiakera gehienek porrot egiten dute, eta jaio eta gutxira hiltzen direnak ere badira.
Animaliak erostearen aldeko joera bat ere bada, eta kontuan izan behar da adopzioaren zain dauden etxeko animalia ugari daudela.