Facebooken garbiketa azkar bat egiteko tresna berria

Sare sozialean aspaldi argitaratutakoa ezabatu nahi baduzu, adi!

Sare sozialetan unean unekoa da garrantzitsua, baina urteak aurrera doazen heinean geure jardunaren arrasto geroz eta luzeagoa uzten goaz, eta batzuetan, duela asko argitaratutako kontuak ezabatu nahiko genituzke. Halere, Facebooken atzera egitea eta urtetan publikatutakoa ezabatzea ez da erraza; denbora eskatzen du.

 

Orain arte, behintzat; hemendik aurrera, geure iragan birtuala ezabatzeko aukera dugu segundo gutxitan; gure egoeraren eguneraketak, argazkiak, bideoak... dena. Hain zuzen, Facebookek aste honetan jarri du martxan gure aktibitatea administratzeko tresna berria. Tresna honekin ez dugu publikatutako elementu bakoitza banan-banan ezabatu behar; nahi ditugunak aukeratu eta klik bakarrean artxibatu ala ezabatu ditzakegu. 

Nola? Oso erraz; gure profilera jo beharko dugu, eta eskuinean agertzen diren hiru puntutxoetan klik egin; jarraian, gure argitalpenak administratzeko aukera berria topatuko dugu. Bertan sartuta, nahi dugun elementu eta data aukeratu dezakegu filtroan, ondoren denak aukeratu eta ezabatzeko. Aukeratutako elementuak artxibatu ala ezabatu ditzakezu; bigarren aukera sakatzean, zakarrontzira bota duzuna 30 egunetan betirako ezabatuko da. Erraza, ezta?