Eztabaida komunitatea eta Lapiko Kritikoa

Pentsamendu hutsala nagusitu den komunitate batean bizi gara. Errespetuaren aitzakian oinarrietara ez doan eta zentsurazalea den pentsamendu batek inguraturik, herri honek pentsamendu askatzaile eta ausartak behar dituela nabaria da.



Filosofiaren egitekoa ahaztu gabe, Lapiko Kritikoak Heidegger pentsalari alemaniarraren sinesmena jarraitzen du ildo horretan guztiz: "Galdetzea pentsamenduaren debozioa da".

Neutraltasun faltsu batean ezkutaturik, kulturaren eta politikaren ikuspegi akritikoa nagusitzen ari da. Imajinazio intelektualik gabe, industria kulturaleko gorengo gune diren unibertsitateek ikasleak hezi baino gehiago hesi egiten dituzte artalde baten gisan: kultur-industriaren eta politikaren presupuesto oinarrizkoak zalantzan ezarri beharrean, haren beharrak asetzeko formazioa eskaintzen dute. Are gehiago, hortik formatzen den diskurtso publikoa, gaur egun, errotiko kritika teorikoa baztertzeaz gain, diskurtso anodinoa eta moldakorra bultzatzen duen jende intelektualki auto-babeskor eta badaezpadakoz dago zeharo dominatuta.

Lapiko Kritikoaren zeregina, hortaz, teoria kritikoa eta filosofia barreiatzea da; komunikabide, informazio, kultura, politika eta eguneroko bizitzarekin jardutea, eta gizarteari eta haren oinarriei buruzko ikuspegi kritikoak sortzea. Halaber, nazioarteko i(ra)kas-sare baten parte da, teoria kritikoa eta filosofiaren erabileran interesatua dagoena gizarteari buruzko diskusioak eta eztabaidak hedatzeko helburuarekin. Euskal Herriko testuinguruan Lapiko Kritikoaren asmoa behin Joxe Azurmendik idatzi zituenak gauzatzea eta lortzea litzateke:

"Oraindik lortu ez dena, elkarrizketa eta eztabaida komunitate bat osatzea da, gogoeta filosofiko autonomo bati bizia emango diona. Iruditzen zait hori, gure baldintzetan, irakaskuntza unibertsitario eta ez unibertsitarioko filosofiazaleak kolaborazio sistematiko moduren batean bilduz izango litzatekeela bideragarriena, elkarlan hori antolatzea noizbait lortzen bada". Filosofiaren Historia. Elkar, 2008. 22. orrialdea.