Eztabaida gune antiautoritarioaren lokal berria inauguratuko dute ostegunean Algortan
Uribe Kostan kontrainformazioa eta kultur ekintza sustatzea helburu duen proiektua da Eztabaida. Orain dela hiru urte sortu zenetik haziz doa, eta Algortako Amezti kaleko lokala txiki geratu zaie. Aurrerantzean, Villamonte enparantzan egongo da gune antiautoritario berria. Leku aldaketa ospatzeko, festa bat egingo dute lokal berrian ostegun honetan; besteak beste, Siroka taldeak emango du kontzertua.
Gizarte aldaketa sustatzeko informazioa ezinbestekoa dela argi dute Eztabaida ekimena osatzen duten kideek. Orain dela hiru urte Uribe Kostan bide berri hau zabaldu zutenek eztabaidarako eta ideia trukerako gune bat izan dute buruan. Topagune bat zeinetan hitzaldi, jardunaldi eta tailerrek ametsak egi bihurtzeko oinarriak finkatuko dituzten, beti ere ikuspegi antikapitalista eta antiautoritario batetik.
Orain arte Algortako Amezti kaleko lokal bat baliatu dute horretarako. Eta, horretarako ez ezik, material bilketa aparta egiteko ere bai. Izan ere, fanzineak, liburuak, bideoak eta musika ere badira gizarte mugimendu ezberdinak eta borroka ildo ezberdinak ezagutzeko modua.
Lokala, baina, txiki geratu zaie eta, Algortatik atera gabe, Villamonte enparantzara aldatu dira, metro geltokiko Bolue irteeratik hurbil. Lokal berria behar bezala inauguratzeko, festa antolatu dute ostegun honetarako hilak 29. Askaritxoa egingo dute eta, besteak beste, Siroka taldearen kontzertuarekin hartuko dute gozatua. Bide batez, euren ateak zabalik daudela jakinarazi dute Eztabaida guneko kideek: "Pertsona zein kolektibo guztiak animatu nahi zaituztegu zuen proiektua gurekin konpartitzera". Urte askotarako!