Ezagutzak konpartitu, indarrak bateratu
Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emagin elkarteak ‘Beldurrak gurekin jai! Ekin Autodefentsa Feministari’ liburuxka kaleratu dute, autodefentsa feminista ulertu eta garatzeko asmoz sortutako euskarazko tresna.
"Inolako irabazi asmorik gabe, autodefentsa feministaren alorrean urte luzez egindako lanketa eta transmisio prozesua ahal bezain beste andrazkorekin partekatzera datorren lana da honakoa". Halaxe aurkeztu du Euskal Herriko Bilgune Feministak emakumearen inguruko ikerkuntza sustatzeko Emagin elkartearekin batera hiru urteko lanaren ostean osatutako liburuxka. Emakumeak subjektu feminista bilakatzeko prozesuan laguntzeaz gain, autodefentsa feministaren oinarri teorikoak eskaintzen ditu, eta horiek andrazkoen egunerokoan barneratzea du helburu, beti ere, nork bere autoestimua indartu eta beldurrak eta indarguneak identifikatzen jakin dezan. Horregatik, askok gazteei zuzenduriko lana dela pentsa dezaketen arren, emakume ororentzako baliagarria izango dela azpimarratu dute.
Euskal Herriko Bilgune Feministak, hain zuzen, orain hamabi urte ikusi zuen argia, eta geroztik indarkeria sexistaren aurkako ildoa landu du; beroni aurre egin nahian, hamaika egitasmo nahiz baliabide jarri ditu herritarren eskura, hala nola, Txilipitua kanpaina, herri jai feministetan jarritako Indarkeria Sexistarik Gabeko Txokoak, tailerrak, Topaketa Feministak edota borroka feministarekin lotutako hitzaldiak. Andrazkoen aurkako erasoak salatu eta horien aurrean erantzun bateratua kaleratzeko beharra azpimarratu dute bilgunetik urte hauetan guztietan, eraso sexistak ez baitira kasu isolatuak, eta andrazkoen elkartasun sareak horiei aurre egiten die. Horregatik, liburuxkaren lehen atalean indarkeria horri aurre egiteko jarrera zein den azaldu dute, eta beronen makineria ezaugarritu bigarrenean.
Autodefentsa feministaren baitan, gainera, autoestimuaren eta emozioen lanketak berebiziko garrantzia duela argitzera dator hirugarren atala. "Nork bere buruaz duen balorazioa bizitako esperientzietan oinarritzen da, eta bakoitzak berezko dituen edota urteekin garatu dituen gaitasunak ezagutzea sekula baino garrantzitsuagoa da ikuspegi neoliberal eta indibidualista gailentzen den jendartean". Horregatik, planteatutako ariketen bidez norbera den altxor preziatu hori indartu eta ikusarazi nahi dute. Laugarren atalean, azkenik, eraso fisikoak identifikatzeko estrategietan sakondu dute; konfiantza eta teknika egokia indarraren gainetik gailentzen dira, gorputza bere kabuz mintzatzeko gai delako.
Zergatik auto defentsa feminista?
Zergatik AUTO?
"Instituzio eta komunikabideek andrazkoak subjektu pasibo gisa erakusten dituzte, ez dira ohikoak beren burua defendatzen duten emakumeen erreferentziak. Baina gutako bakoitza bakarra gara, eta garrantzitsua da nork bere burua ezagutzea, mugak jartzea, gorputzak ezagutu eta zein baliabide ditugun jakitea. ‘Auto’ horrek, noski, norbanakoari ez ezik, andrazkoen kolektiboari egiten dio erreferentzia".
Zergatik DEFENTSA?
"Ez da defentsa pertsonala, autoestimuaren lanketatik eta feminismotik abiatutako defentsa baizik. Elkartasuna, konplizitatea eta segurtasuna biltzen ditu, gure artean josten dugun sare pertsonal eta politikoa defentsarako berme nagusia baita".
Zergatik FEMINISTA?
"Emakumeen zapalkuntzatik abiatutako erantzuna, autogestioaren bitarteaz, gure defentsarako eta gu geu indartzeko tresna da, emakumeok eta emakumeontzat sortua".