Ezagutu aurtengo Euskadi Literatura Sarien gainontzeko irabazleak!
Karmelo C. Iribarren, Eider Rodriguez, Kepa Altonaga eta Irene Aldasoro dira Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura, Saiakera Euskaraz eta Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateetako irabazleak; zorionak!
Argazkia: Batiste Ezeiza. Argiarako
Ezagutzera eman dituzte Euskadi Literatura Sarietako azken lau irabazleak: orain dela bi aste lehen hiru modalitateetako irabazleak aditzera eman ostean, honako sailetako saridunak ezagutu ditugu: Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura, Saiakera Euskaraz eta Euskarazko Literatura Itzulpena. Hauek dira saritutako idazle eta obrak:
- Literatura Gaztelaniaz: Karmelo Caballero Iribarren, Mientras me alejo.
- Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Eider Rodriguez, Santa Familia.
- Saiakera Euskaraz: Kepa Altonaga, Patagoniara Hazparnen barrena.
- Euskarazko Literatura Itzulpena: Irene Aldasoro, Gailur Ekaiztsuak (Emily Brontë).
Ezohikoa izan da aurtengo Euskadi sariek utzitako argazkia, urte berean idazle batek bi sari jaso dituen lehen aldia izan baita. Hilaren hasieran jakinarazi zuten Eider Rodriguez idazleak jaso duela aurtengo Euskarazko Literatura saria, Bihotz handiegia ipuin bildumagatik, eta Haur eta Gazte Literaturako saria ere hari eman diotela, Santa Familia komikiagatik. Datorren azaroaren 27an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean.