"Ez gara ez lagunak ez ahizpak"

Harrotasuna oraindik ere maskulinoa da, eta erreferente lesbikoen faltan, emakume askok zailtasunak dituzte armairutik ateratzeko.

Aldarrikapenez beteriko eguna dugu gaur; LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, eta hala, komunitate honek sufritzen duen bazterketa eta biolentziaren inguruan kontzientzia hartzeko aukera berri bat suertatu zaigu. Baina berdin ospatzen ote dute beren eguna LGTBI komunitatea osatzen duten alderdi guztiek?

Lesbiana elkarte eta komunitateek salatzen dutenez, oraindik ere harrotasuna zabalki maskulinoa da. Hala, homopatriarkatuaren kontzeptua geroz eta ozenago entzuten da. Baina, zer da homopatriarkatua? Hain zuzen, heteropatriarkatuaren eredua imitatzen duen homosexualitate eredua lirateke; azken finean, haiek dira aisialdian edota kontsumoan protagonistak, eta medioetan ikusgarritasun handiena bereganatzen dutenak. Aldiz, bollerak, trans-ak, bisexualak, intersexualak edota asexualak gehigarri moduan azaltzen dira, bigarren, hirugarren edota laugarren planoan.

Errealitate honen aurrean eszeptikoak direnentzat, datu bat jarraian: emakume lesbianen %75 sekretupean mantentzen dute beren sexualitatea, batez ere, beren lanpostuetan. Asko beldur dira oraindik beren sexualitateak lan inguruan izan ditzakeen ondorioez; horregatik, emakume lesbianei lan munduan eroso sentiarazten laguntzeko sortu dituzte It Gets Better eta LesWorking komunitate globalak.

Zoritxarrez, armairutik ateratzeko beldur horiek badute fundamenturik; Europako Batasuneko Oinarrizko Giza Eskubideen Agentziak aireratutako datuen arabera, Europako lesbianen %44 jazarpena, isekak eta mespretxuzko mezuak jasan dituzte beren enpresetako lankideen aldetik. Bestalde, %25 bereizketa jasan dute beren lan baldintzetan eta soldatetan

Nola egin aurre zifra horiei? Erreferente lesbikoak lehen planora ekarriz. Medikuak, abokatuak, futbol entrenatzaileak, kazetariak, CEOak, poliziak, aktoreak... arlo guztietako langileak protagonista bihurtu eta dagokien espazioa eskaini. Soilik errealitatea begien aurrean dugunean izango garelako erreakzionatzeko gai.