Ez duzu zertan barre egin desatseginak diren txantxekin
Zerbait desatsegina edo deserosoa bada, hor ez dago bromarik.
Txantxa on bat egitea dohain moduko bat da. Iruzkin perfektua momentu perfektuan txertatzea ez da lan makala. Gainera, broma bat botatzerakoan bestearekin dugun konfiantza maila ere neurtu beharra dago, ez dadin deserosoa edo desatsegina izan.
Konfiantza mailak asko aldatzen dira inguruaren arabera. Lan ingurumen batean, batzuetan gehiegizkoak diren konfiantza mailak garatzen dira. Lankideak izateak ez du esan nahi, kasu guztietan, laguntasuna dagoenik, eta honek egoera deserosoak sortu ditzake, adibidez, txantxa baten aurrean gogorik gabe barre egitea.
Orain dela gutxi X plataforman Heather Thompson autorearen post bat (2019koa) berriz ere biralizatu egin da. Bertan laneko egoera deseroso bat kontatzen du, berak 19 zituenekoa eta bere nagusiak 45. Garai hartan, egun batean nagusiak txantxa moduan “linea erotiko bateko operadorea” izan behar zukeela bota zion eta Thompson-ek txantxa azaltzeko eskatu zion.
Momentu hartan, bere nagusia ez aurrea ez atzera geratu zen eta Heather-ek lezio bat ikasi zuela sentitu zuen: “Honela ikasi nuen erasotzaile sexualek euren txantxa desatseginak azaldu behar dituztenean, barre egiteari uzten diotela”, gehitzen du postak.
Heather-ek egin zuena bromaren grazia non zegoen galdetzea izan zen. Jakina, norbaiti bere “txisteagatik” azalpenak eskatzen dizkiozunean, ohartzen da, beharbada, ez duela horrenbesteko graziarik.
Lan egoera bat jarri dugu adibide, baina edozein egoeratan eta edozein pertsonarekin gerta lekiguke, baita zure lagunik hurbilenarekin ere. Kasu hauetan garrantzitsuena txantxa desatseginei “barre egitea” hauek balioztatzea dela argi izatea da, eta behin barre egiten badugu, pertsona horrek iruzkina errepikatu lezakeela. Txantxa bat ez bazaizu barregarria iruditu, barrez ez egitearekin nahikoa izan liteke, baina gainera zerbait minagarria bada, besteari galdera hau luzatu diezaiokezu: “non dago grazia?”
Modu honetan, besteak bere buruari galdetuko dio txiste hori benetan egokia izan den ala ez eta urrengoan, ziurrenik, txiste bat egin aurretik bi aldiz pentsatuko du.