Ez dira egiarentzat garai onenak
Duela aste batzuk medio guztietan zabaldu zen denbora ezabatu duen irla norvegiarra, gogoratzen? Bada propaganda turistiko hutsa zela argitu berri dute.
Sommar irlako istorioa ezagutu genuen duela pare bat aste; Zirkulu Artikoaren iparraldean kokatutako irla bat da, 300 biztanleduna. Izenak berak "udako irla" esan nahi du, hain zuzen, bertako biztanleek urte erdia ilunpetan igarotzen dutelako, eta beste erdia, etenik gabeko eguzkipean. Albisteak zioenez, batzar herrikoi bat egin berri zuten, denbora ezabatzeko akordiora iritsiz. Berria mundu osoan zabaldu zen, eta komunikabide guztietan agertu zen, informazioa iturri fidagarri batek igorri zuelako; hain zuzen, Visit Norway, Norvegiako turismo agentzia ofizialak prentsa oharra bidali zuen Forbes, BBC eta The Guardian komunikabideetara, albistea benetakoa balitz bezala. Hain zuzen, GAZTEZULOn ere eman genuen albistea, NRK herrialdeko irrati publikoak idatzitako artikulua iturri bezala aipatuz. Bertan ikusi daitekeenez, albistea benetakoa dirudi, eta informazioa osatzen duten argazkiak ere baditu.
Igorritako prentsa oharrean ez zuten inondik inora ere adierazi albistea faltsua zela, eta helburua irlari publizitatea egitea zela, turismoa erakartzeko. Norvegiak barkamena eskatu du orain, bere fake new edo gezurrezko albisteak mundu osoan izan duen oihartzunarekin harriturik. Publizitate kanpainak asko haserretu du Norvegiako Prentsa Elkartea, eta baita herrialdeko hainbat enpresa ere. Berritasun agentziak jarri zuen martxan kanpaina, eta 50.000 euro gastatu zituen albiste faltsua zabaltzeko.
Amen-omenen arazoa
Norvegiatik zabaldutako albiste faltsua turismoa erakartzeko azpijoko hutsa da, baina argi utzi dute zeinen erraza den komunikabideak eta kazetari profesionalak engainatzea, eta ondorioz, publikoari gezur bat sinestaraztea. Internet eta sare sozialen garaiak informazioa demokratizatu eta denon eskuetan utzi behar zuen, baina horren ordez, desinformazioaren garaia ekarri digu. Fake News-en aroan, kazetariontzat geroz eta neketsuagoa da egia bereiztea. Autokritikarako unea ere izan daiteke, eta egunero automatikoki zuzenak bezala onartzen ditugun albiste eta gertaerak sakon aztertzen hasi beharko genuke. Ez da erraza, baina saiatuko beharko dugu, irakurleei egia zor diegulako.