Ez dadila (festa) amaitu

GARAren espoliazioaren kontrako elkartasun jaialdian 10.000 lagun elkartu ginen atzo; sarrera guztiak agortuta, azkenean Donostiako Illunben egin zuten festa, eta han ere, den-dena agortu zen, baita garagardoa ere. 11 orduz eta atsedenik gabe, euskal musika taldeek beren onena eman zuten dosi txiki baina trinkoetan.

Gauza askoren festa izan zen atzo Donostiako Illunben bizi genuena; prentsa askatasunarena, euskal musikarena, elkartasunarena, belaunaldiena... 11 orduko jaialdia, 10.000 lagun bertaratuta, 800 bolondres lanean (eta dantzan), 30 musika talde desfilatzen. Hori guztia eta gehiago bizi dugu igande honetan. 

Hain zuzen, ospakizun festa bazen atzokoa; bi hamarkada bete ditu aurten GARA egunkariak, baina ez daude kandelak itzaltzeko moduan. Hain zuzen, Egin itxi eta bi hamarkada geroago, aurreakordio batera iritsi dira Gizarte Segurantzarekin, eta 3 milioi euro baino gehiago ordaindu beharko dituzte. Eginen zorra ordainaraztea "erabat bidegabea" dela salatu zuten, eta geroztik "zor bidegabe" horri aurre egiteko hainbat ekimen jarri dituzte martxan, tartean atzoko festatzarra. 

Meriturik ezin kendu antolatzaileei, 30 musika talde mobilizatzea eta inplikatzea lortu baitzuten. Horrenbeste musika nola eskaini asmatzea ere ez zuen erraza izan behar, eta hala, Illunbeko eszenatokia bitan banatzeko soluzio eleganteari esker, etenik gabeko festa izan zen, goizetik gauera.

Onartu beharra daukat ez ginela lehen kontzertuetara iritsi, baina zorionez, Liherren zuzeneko indartsua ikusteko garaiz heldu ginen. Jarraian, eguneko sorpresa handiena: Somos Guerreras hip-hop hirukote feminista. Guatemalako Rebeca Lanek, Kosta Ricako Nakuryk eta Mexikoko Audry Funkek osatzen dute taldea, eta karpan aurkitzen ginen guztiok jarri gintuzten berehala dantzan "¡Descoloniza tus caderas!" (Aldakak deskolonizatu!) oihukatuz. Itzelak! 

Jarraian, buelta Illunbe barrura; gradetan saltoka jarri gintuen Josetxu Piperrak & The Riber Rock Band. Handik aurrera, denbora azkar batean igaro zitzaigun; Itziarren Semeak, Nogen, Hesian, Soziedad Alkoholika... komunera joateko astirik ere ez genuen izan! Ordurako, garagardo guztia agortua zen, eta ez zen harritzekoa izan, arratsaldeak aurrera egin ahala Illunbeko gradak jendez gainezka bete baitziren. Gatiburen txanda iritsi zen, eta beste behin, Alex Sarduiren dantzarako doaiek ez zuten huts egin.  

Musikak izan zituen pare bat etenaldi, tarteko, Jon Maiaren bertso jarraitua «Guk behar dugu GARA, ailegatzeko hara/ mundua aldatzeko ta kolpe bat jotzeko...» eta Iraia Oiarzabal zein Iñaki Sotoren esker hitzak.

Des-ontrolen ordu erdirako tartea izan zen jarraian, Illunbe bete-beterik horrezkero... eta noski, gehienek esperotako unea azkenik: Berri Txarraken urrezko 30 minutuak. Hirukoteak atsedenik gabe jo zuen, beharbada gehiegizko grinarekin, kontuan hartuta Illunberen akustika konplikatua; doinuak desagertu egiten ziren burrunba zurrunbilotsuan.

Berriren lekukoa hartu zuen energiaz beteriko Huntzak, jendeak festari eustea lortuz; dagoeneko igande gaueko 21:00ak ziren, baina Illunbe gainezka zegoen oraindik. Festari amaiera zoroa eman zioten Los Zopilotes Txirriaos mexikarrek, eta karpan aldiz, Ze Esatek taldeak eskaini zituen azken notak.

Musikalki pilula txiki eta apur bat distorsionatuak entzun ziren arren, musika talde guztiek arima utzi zuten eszenatokian, eta guztiarekin, atzokoa egun handia izan zen, eta batez ere, ondo pasatzekoa. Horrela bai, hasi daiteke aste berri bat. Eta astelehenari aje pixka batekin aurre egin badiogu ere, helburua lortu du GARAk; injustiziari elkartasun festaz erantzutea.