Exorzismoak
Mexiko Hirian nabarmen egin dute gora exorzismoek. 2006az geroztik 70.000 lagun baino gehiago hil dira droga trafikoarekin lotutako indarkeriaren ondorioz; ez soilik karteletako kideak, baita polizia eta zibilak ere. Zenbait eremutan, halaber, ohikoak dira zubietatik zintzilikatutako hilotzen eta torturak jasan ostean errepide bazterrera botatako gorpuen irudiak. Sarraskiaren jatorria legez kanpoko arma eta droga trafikoa ez ezik, deabrua bera dela baieztatu dute hiriko hainbat erlijio gizonek, eta herritarrak exorzizatzen, hau da, deabrua haien gorputzetatik kanporatzen, ari dira. Kasu gehienetan otoitzak nahikoak badira ere, batzuetan "interbentzioak" egiten dituzte.