Euskontu, euskara eta deskontuak uztartzen dituen plataforma

Ttalaka Kultur Elkarteak, Olaiz Graphic & Web enpresaren laguntzarekin, Euskontu izeneko plataforma jarri du martxan. Datorren ekainaren 3tik aurrera, euskara eta deskontuak uztartuko dituzten eskaintzak eskainiko dituzte egunero, eta epe laburrean izena ematen dutenek, berauetaz gozatzeko aukera izango dute.



Ttalaka Kultur Elkarteak aisialdia euskaraz egikaritzea du helburu, eta horretarako, haur, gazte nahiz helduei zuzendutako jarduera moderno eta interesgarriak antolatzen ditu, beti ere, euskara oinarri harturik. Oraingoan, baina, Olaiz Graphic & Web enpresarekin elkarlanean, Euskontu izeneko plataforma sortu du, prezio merkean eta Euskal Herriko edozein puntutatik plan ezberdinak egiteko aukera izan dezaten erabiltzaileek.

Bertan kirol ekintzak, jatetxeak, kontzertuak, egonaldiak, mota guztietako ikuskizunak, modako produktuak, osasun zerbitzuak eta beste hainbat jarduera eskainiko dituzte, eta plataforman izena ematen dutenek, egunero eskaintza baten berri izango dute. Interesa duenak, ondoren, gustukoa aukeratu eta beherapen handia aplikatuta, jarduera gauzatzeko aukera izango du.

Hasteko
Eguneroko argitalpenak ekainaren 3an, astelehena, abiatuko dituzte, baina motorrak berotzen hasteko bi zozketa jarri dituzte martxan dagoeneko: bi lagunentzako asteburua Itziar-Debako Txerturi Goikoa Baserrian, edota lau lagunentzako asteburua Aiako Sagarmaneta nekazal turismoan. Parte hartu nahi izanez gero, webgunean sartu eta izena eman besterik ez duzu egin behar.

Gaur egun oso modan daude gisa honetako web atariak, hala nola, Mauka, Deskontu, Deskontalia edota Oferplan. Baina euskontuk euskaraz egingarriak izango diren jardueran baino ez ditu barneratuko, enpresa ezberdinek euskararekiko duten konpromisoa bermatuz.