Euskarazko praktika linguistikoak indartzeko asmoz sortu dute 'Zapla!' podcasta

Podcastak Belarriprest-entzako eta Ahobizi-entzako ariketak proposatuko ditu astero.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da Euskaraldiaren hirugarren edizioa eta, testuinguru hori aprobetxatuz, EITBPodkast atariak Zapla! izeneko podcasta estreinatu du, hizkuntza ohiturak aldatu, eta euskarazko praktika linguistikoak indartzeko asmoz. Monika Belastegi eta Juankruz Lakasta kazetariek gidatuko dute, eta "Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri izango diren ariketak" proposatuko dituzte astero. Hizkuntza portaerei lotutako kontzeptuak lantzea da helburua eta, batez ere, baliabide praktikoak ematea. Horretarako, egoera errealak irudikatu eta tresna zehatzak eskainiko dira.

Lau atal izango ditu podcastak eta gai nagusi bat landuko dute bakoitzean. Hasteko, estres linguistikoa eta hizkuntza asertibitatea landuko dituzte, ikuspegi psikologikoa aztertuz. Bigarren atalean, hizkuntza hautua eta hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesua aztertuko dute, eta hirugarrenean, hizkuntza portaerak landuko dira, asertiboki jokatzeko baliabide zehatzak eskainiz. Amaitzeko, laugarren atalean, hiztunen praktikarako gune babestuen sorrera izango dute hizpide.

Atal bakoitzean, hizkuntza hautua ardatz duen testigantza bana ere izango da. Horretarako hainbat eremutako gonbidatuak izango dituzte, besteak beste, kazetariak, kultur sortzaileak eta unibertsitateko irakasleak.

Lehen atala sarean
Portaerak baldintzatzen dituzten egoeren inguruan aritu dira aste honetan kaleratutako lehen atalean. Horretarako, Gemma Sangines psikologo bilbotarrarekin estres linguistikoa zer den eta nola eragiten duen aztertu dute,eta sumisio linguistikoaz eta hizkuntza asertibitateaz aritu dira.  Juan Ignacio Perez Iglesiasek, berriz, bere bizitzan zehar egindako hizkuntza hautuak azaldu ditu.