Euskarazko palindromoen lehiaketan parte hartu nahi al duzu?

Hamaika letratik aurrerakoak izan beharko dute, eta otsailaren 2ra bitarte aurkez daitezke.

Markos Gimenoren ingurukoek, R. Peramentok eta Bigara elkarteak euskarazko palindromoen lehiaketa antolatu dute, Berria egunkariaren babesletzarekin. Palindromoak testu kapikuak dira, hau da, ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den hitz edo esaldia. Hauek dira adibide batzuk: "Asto hotsa""Atrapatu dut aparta""Artelan ona letra""Inoren ero ni""Zer? ezer ez"...

Euskarazko palindromoen lehen lehiaketa 1923ko abenduaren 16an abiatu zen. Kirikiño idazlea palindromo luzeenaren bila ari zen eta Euzkadi egunkaria baliatu zuen horretarako.  Pare bat hilabetean, irakurleek 150 palindromotik gora bidali zituzten erredakziora. Ehun urte geroago, erronka horri heldu diote berriro. 

Edozein adinetako eta jatorritako pertsonek parte hartu ahal izango dute, eta "jenialtasuna, zentzua eta zuzentasuna nabarmenduz osatuko" dira palindromoak. Batuan, edozein euskalkitan zein tokiko euskaran idatzitakoak izan daitezke, idatzizko eta ahozko erabilerak kontuan izanik. Hamaika letratik aurrerakoak izango dira, eta nahi bezainbesteko luzera hartuko dute. Palindromoan H hizkia erabiliz gero, bi norabidetan erabiliko da, eta digrafoak (ts, tx, tz…), hots bakarra badira ere, bi letra moduan erabiliko dira: asto hotsa. 

Palindromo originalak izan beharko dira eta nahi beste aurkez daitezke. Komunikazio funtzioa, aberastasun semantikoa, ulergarritasuna, jenialtasuna, balio artistikoa, originaltasuna eta zuzentasun formala edo gramatikala hartuko dituzte aintzat. Hauek osatuko dute epaimahaia: Joseba Sarrionandia, idazlea; Rober Peramento, palindromogilea; Itziar Aranburu, Bigarako kide eta palindromogilea; Aitor Ogiza ‘Toto’, Ermuko Kaltxango AEK euskaltegiko irakaslea eta palindromozalea.

Palindromoak otsailaren 2ra arte bidal daitezke, formularioa betez. Otsailaren 29an ezagutaraziko dira palindromoak eta egileak, eta baita Euskarazko Palindromo Lehiaketaren saridunen izenak ere. Hiru sari nagusi izango dira baina aipamenek ere jasoko dute oparia. Gainera, liburuak ere zozkatuko dira parte-hartzaileen artean.

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.