Euskarazko mikroipuinen lehiaketa martxan da Iruñean

Hirian gertatzen diren istorioak kontatzen dituzten ipuinak idatzi beharko dira.

Euskarazko mikroipuinen lehiaketa antolatu du Iruñeko Civivox sareak, Iruña Bihotzean izenburupean, euskarazko sormena sustatzeko eta herritarrei mikroipuinen literatur generoa eskainiz horretarako. Gazte, haurren eta helduen kategoriak sortu dituzte, adinaren arabera banatzeko.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek gehienez 200 hitz dituzten idazlanak idatzi beharko dituzte eta bi lan bidal ditzakete asko jota. Gaia librea izango da, baina Iruñean gertatzen diren istorioak izan beharko dira, "errealak zein fikziozkoak, iraganekoak edo etorkizunekoak, hunkitu edo amets eginarazten dutenak".

Lanak participacion@redcivivox.es helbidera igorriko dira irailaren 25era bitarte, mezuaren gaian “Txapelketa Euskaraz” idatzita. Mikroipuinak PDF formatuan bidali beharko dira, izenordeaz sinatuta. Atxikitako agiri batean egilearen datuak adierazi beharko dira: izen-abizenak, telefono zenbakia, jaiotze-data eta NANa.

Epaimahaiaren epaia urriaren 21ean jakinaraziko dute. Hiriko liburu edo paper-dendetan erabiltzeko txartelak izango dira sariak. Helduen kategorian (18 urtetik gora), mikroipuin onenaren saria 150 eurokoa izango da, eta gazteen (14 eta 17 urte bitarte) eta haurren (8 eta 13 urte bitarte) kategorietan, irabazle bakoitzak 100 euroko txartela jasoko du. Azkenik, epaimahaiaren sari berezi bat jasoko da (50 euro), accesit gisa.