Euskarazko Kultura Digitalaren III. Jardunaldiak egingo dituzte Donostian

Abenduaren 5ean eta 9an elkartuko dira EHUren campusean.

III. Xare jardunaldiak euskarazko IKTen eta kultura digitalaren plaza bilakatuko du Donostiako Ibaetako EHUren kanpusa. 527 ikasle inguru bilduko diranGipuzkoako Campuseko Informatika Fakultateko eta Ignacio Maria Barriola Zentroko hiru gunetan. Zortzi tailer praktikok, bi hitzaldi interaktibok eta Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida batek osatuko dute egitaraua.

Jardunaldiaren nondik norakoa honela azaldu dute antolatzaileek: "Bideo-joko zalea al zara? Eta halako zenbat ezagutzen dituzu euskaraz? Musika entzungo duzu ziur... baina smartphoneko aplikazioekin doinuak sortzen ere saiatu al zara inoiz? Eta telefonoaz ari garela, argazki kamerari zuku handiagoa ateratzen ikasi nahi duzu? Eta irudi horiek gero partekatzeko ohitura baduzu, ezagutzen al dituzu ondorio guztiak? Nola aritu beharko genuke sare sozialetan inor ez mintzeko eta guk geuk ere minik ez hartzeko?". Honekin lotuta, pribatutasunaren eta sare sozialen bidezko harremanen inguruko hitzaldi bana egingo dute, IKTekin edota hauen aurrean "geure burua ez ezik, gure ingurukoena ere zaintzeko" jarraibideak partekatzeko.

Egitarauan hainbat lantegi ere egingo dituzte, hala nola bideo-mappinga, errealitate birtuala, Appinventor eta 3D inprimagailuak. Horretaz gain, "Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) amaraunean eta sare sozialetan baliatzen ditugunean erabiltzaileok uzten dugun arrastoaz ere hausnartzeko gakoak jarriko ditugu mahai gainean, eta like, chat, storie eta tiktoken aroko harreman afektibo-sexualetan arriskuak gutxitzeko baliabideak aipatuko ditugu".

Egitarauaren inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke.