'Euskarazko kultur transmisiorako giltzak irakaskuntza arautuan' jardunaldia antolatu du Loraldiak Bilbon
Oihane Perea, Iurdana Acasuso, Erika Uranga eta Garazi Albizuak parte hartuko dute.
Loraldia Eskolak hezkuntza ingurunean euskal kulturaren transmisioaz eztabaidatzeko topaketa egingo du Bilboko Euskararen Etxean, maiatzaren 17an, 10:00etatik 12:00etara. Euskarazko kultur transmisiorako giltzak irakaskuntza aratuan da topaketaren izenburua, eta hezkuntza arlora zuzenduta, esperientzia ezberdinak partekatzea du helburu, Loraldia Eskolaren proiektua ezagutaraztearekin batera.
Harrera egin eta kafea hartzeko tartea egingo dute bederatzi eta erdietatik aurrera, eta hamarretan hasiko da saioa aurkezpenarekin. Jarraian, hezkuntza ingurunean euskal kulturaren transmisioa jorratzen duten proiektuak aurkeztuko dituzte. Euskararen Etxeko zuzendaria den Iurdana Acasusok Euskararen Etxeaz hitz egingo du; Garazi Albizua idazle eta EIEko teknikariak Idazleak Ikastetxeetan proiektuaz; Oihane Perea, Arabako Bertsozale Elkartean hezkuntzako proiektuaren arduraduna, Bertsolaritza ikastetxeetan proiektuaz arituko da eta Loraldia Eskolako arduradun pedagokikoa den Erika Uranga, berriz, Loraldia Eskolaz.
Mahai-ingurua egingo dute 11:00etatik 11:50era, ondoren, hamabietara bitarte, ondorioak aterako dituzte, eta orduan amaiera emango diote jardunaldiari.
Aurrez aurre zein streaming bidez parte hartu ahal izango da. Izena emateko formularioa bete behar da.