Euskarazko komikigintza erdigunean jarriko duen HernaniKomik sortu da
Euskal Herriko komikilarien eta komikizaleen topagunea bihurtuko da Hernani gaur eta bihar.
Hernaniko Atsegindegi euskarazko komikigintzaren azken lanen erakusleiho bihurtuko da egunotan. Komikiak erosteko aukeraz gain, aurkezpenak, bisita gidatuak, eta bestelako jarduerak antolatu dituzte.
Honako komiki hauek aurkeztuko dituzte gaur eta bihar: Unai Iturriaga eta Alex Sanvicenteren Haur besoetakoa; Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxeren Laboa; Susana Martinen Black is beltza II: Ainhoa; Axpiren Utzi azalari; Adur Larrearen Lurbinttoko ohoinak; eta Alex Tello eta Julen Ribasen Sua: Sutagar. Nabarraldeko “Gasteiz 1200” eta Harriet argitaletxeak plazaratu duen lehen euskarazko manga (Tomomi Usuiren Cube Arts) ere aurkeztuko dute.
Aurkezpenez gain, Asisko Urmenetak eta Eider Eibarrek marrazketa inprobisazioa egingo dute, eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa filmaren emanaldia izango da Biterin. Bestetik, ibilbide profesional osoa goraipatzeko Joseph Camino saria emango zaio Jon Zabaleta marrazkilari eta ilustratzaile hernaniarrari.
Hernaniko Udalak antolatu du HernaniKomik, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta Harriet argitaletxearen, Xabiroi aldizkariaren eta Gaueko komiki dendaren laguntzarekin.
