Euskarazko haur literatura sustatzeko Lizardi Saria martxan da

Uztailaren 14ra arte bidal daitezke lanak, eta irailaren amaieran jakinaraziko dute irabazlearen izena.

Zarauzko Udalak 41. Lizardi Saria jarri du abian euskarazko haur literaturari bultzada emateko asmoz. Zazpi eta hamabi urte bitarteko haurrentzako ipuinak bidali behar dira sariketara, 22.000-34.000 karaktere artekoak. Euskaraz idatziak, originalak, argitaratu gabeak eta lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute.

Lanak aurkezteko epea uztailaren 14ra arte egongo da zabalik, eta lanak kultura@zarautz.eus helbidera bidali beharko dira, bi artxibotan; alde batetik, ipuina, izenburu eta izengoitiarekin, eta bestetik, izen-ematea orria beteta eta sinatuta. Posta arruntez ere bidal daitezke ipuinak. 

Ibon Egaña, Katixa Olaizola eta Castillo Suárezek osatuko dute epaimahaia eta irailaren 30ean jakinaraziko dute epaia. Sari-ematea, berriz, 2023ko apirilaren 2an izango da. Irabazleak 5.500 euro jasoko ditu eta bere lana argitaratuko dute. Lana sari banaketan aurkeztuko da. 

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.