Euskarazko doako hainbat ekintza antolatu ditu Darabilbo programak martxorako
Arropa, zeramika, gastronomia eta familientzako tailerrak, museora bisitak edo literatur solasaldiak izango dira, besteak beste. Aldez aurretik eman behar da izena ekintzetan parte hartzeko.
Bueltan da Bilboko Darabilbo programa eta doako euskarazko hainbat jarduera izango dira martxoan. Bilboko Udalaren eta Bilboko Euskaltegien Sarearen proiektua da, aisialdian euskararen erabilera sustatzeko helburua duena, eta euskara hobetu edo euskaraz dibertitu nahi dutenei zuzendua.
Lehen jarduera martxoaren 10ean izango da Uribarriko udaltegian, 18:30ean, eta kakorratz-lanean trebatzeko tailerraren lehen saioa izango da. Helburua jaka bat egitea izango da, lau saiotan. Bigarren saioa martxoaren 24an egingo dute eta hirugarrena martxoaren 31n, ordu berean.
Bilboko Arte Ederren Museoko bilduma iraunkorra bisitatuko dute martxoaren 17an,18:00etan, gidaren laguntzaz. Hurrengo egunean, Habanako Gaukaria Balira. Bizipenak eta gogoetak izeneko literatur solasaldia egingo dute Joseba Sarrionandiarekin. Otxarkoagako Auzo Etxean izango da hitzordua, 18:30ean. Martxoaren 19an, 17:30ean, katilua sortzeko zerakima lantegia izango da, Cocomotora zeramika estudioan.
Pate begetalaren inguruko hitzaldia, dastaketa eta tailerra egingo dute martxoaren 22an, 18:30ean, Labore Bilbon. Biharamunean, familientzako lantegia izango da, 4 eta 12 urte bitarteko adingabeak dauzkaten familientzat. Koloretako Ziaboga deituriko jarduera martxoaren 23an eta 30ean egingo dute, batean Bidarte udaltegian eta bestean Karmelo plazan, eta hiru saio eskainiko ditu egunean: 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Arte Ederretako Museorako beste bisita gidatu bat ere izango da martxoaren 25ean, goizeko hamarretan.
Jardueretan parte hartzeko nahitaezkoa da aldez aurretik izena ematea webgunean, darabilbo@gmail.com helbide elektronikoan, edo 607 530 132 telefono zenbakira deituta.
Loraldia jaialdirako sarreren zozketa
Loraldia jaialdiaren baitan martxoan izango diren ekintzetarako sarrerak ere zozkatuko ditu Darabilbok. Bederatzi jarduera daude hilabete honetarako egitarauan, hala nola Hautsi da anphora ikuskizuna; Bozak musika eta solasaldia; Mira Hadi antzerkia; Laboa, Lekeitikoik hegan musika, kantu eta arte bisualen saioa; eta Muguruza Mani-Fest. Jarduera hauetarako sarrerak lortzeko ere webgunean bertan eman daiteke izena.
