Euskarazko bideojokoak garatzeko Euskal Game Jam 3 topaketa egingo dute Eibarren
Aurrez aurre zein online parte hartu ahal izango da, martxoaren 20tik 22ra.
Game Erauntsia Elkarteak, Zomorro Studiok eta UniEncounter ekitaldiak Euskal Game Jam topaketaren hirugarren edizioa antolatuko dute martxoaren 20tik 22ra bitartean. Topaketa honen helburua bideojoko sortzaileak elkartu eta euskarazko bideojokoak garatzea da, 48 orduko tartean.
Sortzaile hasiberriei zein profesionalei zuzendutako topaketak dira, programatzaileak, artistak, musikagileak zein gidoilariak elkartzeko ekimena. Horretaz gain, bideojokogile euskaldunen artean sinergiak eragitea, elkarrengandik ikastea eta harremanak bideratzea du helburu.
Eibarko Uni Eibar-Ermuan zentroan hitzaldiak, tailerrak, eta jarduerak egingo dituzte, eta bideojokoetan aritzeko aukera izango da. Bien bitartean, Euskal Game Jameko partaideak lanean arituko dira. Martxoaren 20an, 18:00etan hasiko dute sormen prozesua eta bi egun geroago, proiektuak bukatuta, itch.io bideojokoen plataforman argitaratu beharko dituzte.
Euskarazko bideojokoen sorkuntza
Sortuko diren bideojoko guztiak euskarazkoak izan beharko dira, nahiz eta hizkuntza gehiagotan ere egon daitezkeen. Talde bakoitzeko partaide batek, gutxienez, euskaraz hitz egiten jakin beharko du.
Partaideek haien ordenagailuak eta tresnak erabili beharko dituzte. Jokoaren baliabideak ere (proiektuan agertuko diren testurak, modeloak, soinuak, eta abar) norberak sortutakoak edo lizentzia askekoak izan beharko dira.
Gai orokorra antolatzaileek proposatuko dute bideojokoen sorkuntzari hasiera eman aurretik. Hortaz, gaiari lotutako obra garatu beharko dute partaideek.
Martxoaren 22ko 18:00etatik aurrera, Euskal Game Jameko bideojokoak deskargatzeko eta jokatzeko aukera edukiko du nahi duenak itch.io-tik. Partaideek beste proiektuak bozkatzeko aukera izango dute hainbat kategoriatan: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena, dibertigarriena…