Euskarazko bi film labur izango dira Donostiako Zinemaldiko Nest Sarirako lehian

Zinema-ikasleen nazioarteko lehiaketaren historian lehendabiziko aldiz hautatu dira euskarazko bi lan.

Berrogeita lau herrialdetako 160 eskolak aurkeztutako 350 filmetatik hamahiru hautatu dituzte Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen Nesten film laburren nazioarteko lehiaketaren hogeita batgarren ediziorako. Horietatik bi euskaraz izango dira, gainera: Nagore Muriel Letamendiaren Erro bi eta Mikele Landa Eigurenen Noizko basoa

Erro bi film laburrak ama-alabak ditu protagonista. Ainhoaren aita duela urtebete hil zen eta baserrian bizi da amarekin batera. Ainhoak bertatik alde egin nahi du, leku horrek aita gogorarazten diolako. Amak, ordea, alaba berarekin geratzea nahi du, eta baserriko behin baten heriotzaren aitzakian, Ainhoari hirira joatea galarazten saiatuko da. Ibone Ajuria Fondado eta Sonia Villamor dira filmeko antzezleak.

Bestalde, Noizko basoa izeneko lanak, izenburuak agerian uzten duen moduan, basoa du ardatz. Honela deskribatu dute filmaren nondik norakoa: "Baso bat berriz hasten da. Herri batek inoiz ikusi ez zuen paisaia bat gogoratzen du. Lur lehorra astintzen duten eskuak, aitzurrak eta botak, Ullan noizbait bizi ziren zuhaitzak azalera ateratzeko. Hemen sortzen da ibaia etengabe, eta jada ahantzitako hizkuntza bat xuxurlatzen du. Baso bihurtzen denean, nor biziko da leku honetan? Baso bat landatu al daiteke? Inork ahoskatuko al du bere izena? Non hasten da herri bat?". 

Antolatzaileen arabera, formari eta gaiari dagokienez oso aniztasun handikoak dira hamahiru lanak. Alemania, Brasil, Txina, Kolonbia, Espainiako Estatua, Estatu Batuak, Frantzia, Japonia, Dominikar Errepublika, Hegoafrika eta Suitzako filmak hautatu dituzte.

Hamahiru film laburrak Tabakalerako zinema-aretoan emango dira irailaren 19tik 23ra. Zinema munduko pertsona batez eta hautatutako eskoletako ikasleez osatutako epaimahaiak erabakiko du norentzat izango den Nest Saria, eta film labur irabazlearen zuzendariak 10.000 euro jasoko ditu. Proiekzio eta sari banaketaz gain, beste hainbat jarduera ere izango dira, hala nola klase magistralak eta ekitaldi sozialak.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatzen du lehiaketa, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazte aldera. Bestetik, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen arteko topaleku izatea ere badu helburu.