Euskaraz ikasi nahi dutenentzat, Barnetegi Ibiltariak udan

AEKk antolaturik, uztailean eta abuztuan euskara praktikatu eta Euskal Herriko txokorik politenak ezagutzeko aukera duzue Barnetegi Ibiltarien bidez. Oinez zein bizikletaz, aste bete eta bi aste bitarteko egonaldiak prestatu dituzte.


Besteak beste, Mendian Kalakan izeneko zazpi eguneko ikastaroa egingo dute uztailaren 21etik 28ra Iratiko basoan. Mendian ibili bitartean, mintzapraktikak egin eta euskararen ezagutzak hobetzeko aukera izango dute AEKren bidez.

Egonaldia Iratiko Xiberua etxolan egingo dute, eta zazpi egunez sei ateraldi: Ori mendira lehen txangoa; Irabiako lakura bigarrena; Pixtako ur-jauzira eta Ardaneko etxolara hirugarren egunean; Harsüdürra, Arthanolatzegainia, Burkidoy eta Mendibelera laugarrenean; Okabeko harrespiletara gero, eta azkenik, Organbidexkara.

Ikastaroan parte hartzeko, B1 mailatik gorako euskararen ezagutza behar da, eta 450 euro balio ditu.

Baina Iratiko egonaldia ez da bakarra izango: gaur bertan hasita uztailaren 15era bitartean Euskal Herrian barrena arituko da beste mintzatalde bat, eta abuztuan aldiz, 4tik 19ra bitarte, bizikletaz.

Ongi pasatzeko eta euskaraz gozatzeko aukera paregabea da. Eman izena hemen!