Euskaraz bizitzeko hautuaren inguruko solasaldia egingo dute Iruñean

Amets Aranguren musikaria, Begoña Garaikoetxea Gaztealdiko kidea, Maitane Jungitu irakasle eta gamerra, eta Unai Dufur futbol-jokalaria arituko dira solasean.

Bihar, hilak 31, 50 urte aurrerago euskaraz bizitzeko hautua solasaldia egingo dute Iruñeko  Elhuyarren 50. urteurrenaren testuinguruan. Honela azaldu dute antolatzaileek saioaren nondik norakoa: "Gazte asko bizi dira euskaraz egunerokoan. Euskaraz bizi, lan, gozatu, jolastu, militatu edota parrandan aritzen dira. Lau gazteren ahotsetik, gazte horiek euskaraz nola bizi diren, euskara nola bizi duten entzungo dugu, zer aukera dituzten, zer erronka dituen euskarak haien arloan. Euskara hizkuntza bizia dela erakutsiko digute gazteok. 50 urte aurrerago ere euskaraz bizitzeko hautua egiteko bidea emango digute".
 
Solasaldian honako hauek hartuko dute parte: Amets Aranguren (Iruñea, Nafarroa), 23 urte. Ibil Bedi musika taldeko abeslaria eta Saxofoi Goi Mailako ikasketak egin dituena; Begoña Garaikoetxea (Iruñea, Nafarroa), 20 urte. Gaztealdiko partaidea eta irakasletza-ikasketak egiten ari dena; Maitane Junguitu (Gasteiz, Araba), 32 urte. Gizarte-komunikazioan doktorea, EHUko irakasle eta ikerlaria, gamerra, eta Game Erauntsia bideo-jokoak eta euskara uztartzen dituen elkarteko kidea; eta Unai Dufur (Iruñea, Nafarroa), 23 urte. Osasuna Promesas-eko jokalaria. Aurtengo denboraldian lehen taldeko dinamikan aritu da lanean, eta partida bat baino gehiago jokatu du haiekin.  
 
Solasaldia Katakraken izango da, 18:30ean.