'Euskaraz barra-barra' marka aurkeztu dute, euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzeko
Marka horrek establezimendu horretan euskaraz hitz eginda ulertuko dutela ziurtatuko dio bezeroari.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak Euskaraz barra-barra marka aurkeztu dute, merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatu eta hiztunaren estres linguistikoa murrizteko asmoz.
Euskaraz barra-barra ikurraren bidez bezeroek toki horretan euskaraz hitz egiteko aukera dutela jakingo dute, marka duten guneetan bermatuta egongo baita euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa dagoela une oro.
Duela hilabete batzuk hasi zuten Euskaraz barra-barra marka proban jartzeko prozesua Donostia, Oarsoaldea, Andoain, Laudio eta UEMAren barruko herrietako 1.644 establezimendutan.
Aurtengo urtean 50 udalerri inguru, EAEko hiriburuak barne, hasiko dira Euskaraz barra-barra ezartzeko prozesuarekin eta datorren urterako ere konpromisoa hartu dute hainbatek. Pixkanaka, urtez urte, euskararen lurralde osora zabaldu nahi da eta eremu pribatutik publikora hedatzea ere aztertuko dute.