Euskararen Ginkana larunbatean!
Martxoak 9, Kutxa Kulturren, ez galdu!
Euskararen Ginkanaren seigarren edizioaren finala larunbatean egingo dute, martxoak 9, Kutxa Kultur-en (Tabakalera eraikinean), 11:30etatik aurrera. Euskararekin eta euskaraz dibertitzeko lehiaketa da Kutxa Ekogunearen Euskararen Ginkana, hizkuntzarekiko jakin-mina eta irrika pizten duena.
Gasteizko Amets Gaiztoak ikasle taldea, Durangoko Kurutziaga ikastolako euskara taldea, Donostiako Harri-Berri Oletako Gurasoen Euskara Batzordea eta Getariako Artzape euskara elkartea izan dira lehen fasean puntu gehien bildu dituztenak. Larunbat honetan jokatuko den finalean erabakiko da talde horietatik nork eramango duen 3.000 euroko sari nagusia.
Edurne Azkarateren gidaritzapean, hizkuntza-praktika ekologikoen gaiarekin lotutako bost proba berri burutu beharko dituzte taldeek bertan. Aurreko fasean ere gai berari erantzunez egin behar izan dituzte probak. Oraingoan baina, aurrez aurre arituko dira lehian.
Lehiaketaren ibilbidea
Bi fasetan burutzen den lehiaketa da Euskararen Ginkana. Lehen fasea urtarrilaren 23an hasi zuten taldeek, eta bost astez, astero internet bidezko proba bat erantzun behar izan dute.
Euskal Herriko txoko ezberdinetako 27 taldek eman dute izena seigarren edizio honetan, eta horietatik 12, oso berdinduta iritsi dira finalaren ateetaraino. Probetan, hizkuntza-praktika ekologikoei buruzko hainbat galdera erantzuteaz gain, aldarrikapen eta kale ekintza ezberdinak identifikatu, hizkuntza ohiturei buruzko elkarrizketak egin eta kalera ere atera behar izan dute, euskararentzat arnasguneek duten garrantzia aldarrikatzera. Proba horietan puntu gehien biltzea lortu duten taldeak dira larunbatean sari nagusia eskuratzen saiatuko direnak. Sariarekin, euskararen aldeko egitasmo bat sustatzeko konpromisoa hartzen dute parte-hartzaileek.
Parte-hartzaileak
Izaera anitzeko taldeek parte hartu dute Euskararen Ginkanaren 6.edizio honetan ere. Ikasle taldeak, hedabideak, mintzapraktika taldeak, aisialdiko begiraleak edota lagun kuadrilak aurki daitezke izena eman duten 27 taldeetan.
Parte-hartzaileen perfila gaztetzen ari den arren, oraindik ere adin tarte zabaleko lehiakideak elkartzen dituen egitasmoa da Euskararen Ginkana. Guztiak, euskaraz eta euskararekin dibertitzeko elkartuak.