Euskaraldiaren olatuak parte hartzaileak astindu ditu

11 Egun Euskaraz aritzeko esperimentua aztertu ondoren, emaitzen azterketatik atera den ondorio nagusietako batek dio parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak “nabarmen astindu zituela” ariketaren 11 egunetan eta, era berean, hiru hilabete beranduago aldaketa horiei “proportzio altuan eutsi egin” zitzaiela.

Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituretan izan duen eragina nolakoa izan den ezagutzeko ikerketa proiektu bat burutu dute, eta bertan, batetik, euskararen erabilera areagotzeko orduan Euskaraldiak zer eragin izan duen aztertu dute; bestetik, Euskaraldiaren inguruan parte-hartzaileen artean sortu diren iritzi eta bizipenak nolakoak izan diren jaso dute.

Eusko Jaurlaritzaren enkarguz Soziolinguistika Klusterrak egin duen ikerketa honetan, hiru galdetegi banatu dira Euskaraldian izena eman zuten partehartzaileen artean (Euskaraldia hasi aurretik, ariketa bukatu bezain laster, eta bukatu eta hiru hilabetera). Eta horretaz gain, batzordeetan lan egin duten kideekin eta herrietako parte-hartzaileekin ere egin dira elkarrizketa saioak.

Hala, ikerketa proiektuaren baitan bi iker lerro jorratu dira: kualitatiboa eta kuantitatiboa. Pello Jauregi ikerketaren zuzendariak eta Uxoa Anduaga Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak azaldu dituzte ikerketaren ezaugarri nagusiak eta ondorioak; Jauregik azpimarratu duenez, “Euskaraldiak parte-hartzaileen hizkuntza-erabileran aldaketa handiak eragin ditu ariketaren 11 egunetan; eta hiru hilabete beranduago aldaketa horiei proportzio altuan eutsi egin zaie”. Anduagak nabarmendu du “euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek egin dutela aldaketa handiena; Euskaraldiaren hasieran euskarazko gaitasun eta erabilera altua zutenek edo zonalde oso euskaldunetan bizi zirenek baino aldaketa handiagoa”.

Jardunaldia Tolosan

Aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldia euskaraldiaren azterketari eta aurrera begirako ikasgaiak ateratzeari eskainiko zaio. Hamaikagarren edizioa Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean antolatu dute. Euskaraldia Aztergai izenburupean egingo da jardunaldia urriaren 9an, Tolosako Topic zentroan.

Ikerketaren ondorioak kontsultatu ditzakezue beherago edo hemen klikatuta.