Euskaraldian izena emateko azken egunak
Azaroaren 18an hasiko da Euskaraldia eta ariketa sozialean izena eman eta parte hartzeko deia egin dute.
Euskaraz aritzeko gaitasuna duten euskal herritarrak azaroaren 18tik abenduaren 2ra, hamabost egunez, ahobizi edo belarriprest roletan aritu daitezen gonbita egin dute Maialen Chourraut kirolariak, Joseba Usabiaga aktoreak, Xabier Saldias musikariak, Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuorde Miren Dobaranek, Euskarabideako zuzendari Mikel Arregik eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari den Kike Amonarrizek, Donostian egindako agerraldian.
Izen-ematea "erritmo onean" doala aipatu dute ekimenaren koordinazio mahaiko kideek eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa ere "masiboa" izango dela ziurtatu dute. Ariketa jendetsua izateari garrantzia handia eman diote Euskaraldiaren sustatzaileek, parte-hartzaileen hizkuntza ohiturak aldatzeko inguruan belarriprest eta ahobizi ugari izatea "lagungarria" dela eta.
Euskaraldian izena emateko webgunera jo behar da, datu batzuk betetzeko. Aurreko edizioetan parte hartu dutenek ere izen-ematea eguneratu behar dute. Izen-ematea berrestea hirugarren edizio honetan ere egingo den ikerketarako lagungarri izango dela jakinarazi dute.
Txapak banatzen ere hasi dira Euskal Herriko hainbat herritan eta milaka ahobizi eta belarriprest txapa banatuko dira ariketa soziala hasi arteko tartean. Hamabost egun horietan txapak jantzita eramateko deia egin dute, aurreko edizioetan egindako ikerketen arabera, "ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko laguntzen duelako hizkuntza ohituren aldaketetan". Kale, leiho eta balkoietan banderatxoak eta kartelak jartzeko gonbita ere egin dute.
