EuskarAbenturan izena emateko epea zabaldu dute

Aurkezpen bideoa eta proiektua bidali beharko dute hautagai gazteek martxoaren 8ra arteko epean.

Euskal Herria oinez eta euskaraz zeharkatuko duen EuskarAbentura espedizioaren zazpigarren ediziorako deialdia egin dute. Uztailaren 1etik 31ra izango da, eta 125 gaztek parte hartuko dute espedizioan. 

Euskal Herriko zazpi lurraldetako zein diasporako gazteek hartu ahal izango dute parte, beti ere adinaren arabera; 2007 eta 2008 urteetan jaiotako arabar, bizkaitar, gipuzkoar eta nafarrei eta 2006, 2007, 2008 eta 2009an sortutako lapurtar, baxenabartar, zuberotar eta diasporako gazteei zuzendua dago. 

Hautagaiek aurkezpen bideo bat eta proiektu bat egin beharko dute. Gehienez minutu bateko iraupeneko bideoa egin beharko du hautagaiak, EuskarAbenturan zergatik parte hartu nahi duen azalduz, espediziotik zer espero duen, zein ekarpen egingo dion taldeari... 

Proiektuak, berriz, banaka edo taldean aurkez daiteke. Antolatzaileek hiru gai proposatu dituzte: euskara batua eta euskalkiak, emakumea eta kirolak, eta utopia. Sei formatu daude aukeran proiektua garatzeko: testu historikoa, testu literarioa, ikus-entzunezkoa, musikala, plastikoa eta sormen digitala. 

Aurkezpen bideoa eta proiektua martxoaren 8ra bitarte bidali beharko dira izen-emateko formularioa betez, eta apirilaren 24an argitaratuko dute behin-behineko hautatuen zerrenda. Aukeratuei eurei ere jakinaraziko zaie email bidez. 

Deialdiaren inguruko xehetasun guztiak hemen kontsulta daitezke.