EuskarAbentura 2019 helmugara iritsi da
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena 798 kilometro egin eta gero, espedizio ibiltaria azken geltokira heldu da: Getxo.
Lau aste, 31 etapa eta 798 kilometro joan dira uztailaren 1ean Euskal Herriko bazter ezberdinetako 121 gaztek abentura ibiltari hau hasi zutenetik. Euskaraz bizitzeko gogoak, euskararen lurraldea oinez zeharkatzeko grinak eta Euskal Herriaren ondare historiko, kultural nahiz ekologikoaren gaineko jakinminak elkartu zituen; eta EuskarAbentura 2019 espedizioak betiko batu ditu, halako esperientzia bizi eta exijente batetik jaiotako oroitzapenak, adiskidetasunak eta ikasketak nekez ezaba baitaitezke.
Mauletik Getxora, Euskal Herria zeharkatu du Euskarabentura espedizioak, bigarrenez. Denera, 798 kilometro egin dituzte 'jzioquitarrek'; horietatik 483, oinez. Aurtengo kapitulua bukatuta, antolatzaileek uste dute egitasmoa egonkortuta dagoela eta jarraitzeko moduan dela.
Bereziki aberasgarriak izan dira bigarren EuskarAbentura edizio honetarako proposatutako bi Belaunaldi Arteko Egunak. Izan ere, uztailaren 7an (Zubiri –> Iruña, 22km) eta uztailaren 24an (Donostia –> Zarautz, 21km), 2018ko hainbat jzioquitar beterano batu ziren etapa oso bat aurtengo gazteekin batera osatzeko. Esperientziak, galderak eta iritziak elkartrukatzeko apropos bideratutako egunak izan ziren.
Euskaldun aktibo izango diren neska-mutilak kontzientziatzea, piztea eta saretzea ez ezik, beste hainbat balore zeharka transmititzea ere badago EuskarAbenturaren helburuen zerrendan: parekidetasuna, elkar errespetua eta ingurumenarekiko errespetuzko bizi-ohitura jasangarriak, besteak beste. Hain justu oinarrizko xede horiei erantzunez hartu du forma EuskarAbentura 2019 espedizio honetako egitarauak. Hala, helburu horien bueltan eta izen-emate fasean jzioquitarrek aurkeztu beharreko lanetarako proposatutako hiru gaien (errimak eta erritmoak; migrazio mugimenduak; Euskal Herriaren aztarna ekologikoa) inguruan jorratu dituzte 50etik gora mintegi, tailer eta jarduera, ibilbidea bera osatzeaz aparte.
Larrialdi ekologikoaren inguruko kontzientziazio lanari dagokionean, zaborren kudeaketak protagonismo berezia izan du. Uneoro hondakin organikoak, plastikozkoak, paper/kartoia eta errefusa bereizteaz gain, egunero-egunero talde bana arduratu da ekoiztutako zabor guztia sailkatu, pisatu eta datuok erregistratzeaz. Hilabetean 1300 kg zabor sortu ditu espedizioak, 0,31kg pertsonako eta eguneko.
Ibilbideak 7 euskal lurraldeak eta 7 hiriburuak ukitu ditu, Euskal Herria zeharkatzen duten 3 Donejakue bide ezberdinak (Frantsesa, Barnealdekoa eta Kostaldekoa) jarraitu dituelako. EuskarAbentura 2019 Maulen hasi zen uztailaren 1ean, eta jzioquitarrak herriz herri ibili dira egunero estalpez aldatzen: Maule, Pagola, Jutsi, Donibane Garazi, Auritz, Zubiri, Iruña, Gares, Lizarra, Viana, Gesaltza, Gasteiz, Araia, Zerain, Tolosa, Hernani, Irun, Donibane Lohitzune, Baiona, Lezo, Donostia, Zarautz, Zestoa, Deba, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Bermeo, Bilbo, eta Getxo. Bidean hamarnaka herri eta auzo kutsatu dituzte euskal giroz. Gure herrian Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako lekuak bisitatu dituzte, bai eta paisaia anitzekin gozatu ere. Azken txanpari Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeetan heldu zioten (uztailak 27 eta 28, Markina-Xemein eta Gernika-Lumo), harik eta hilaren 29an Bermeora heldu ziren arte; eta handik, atzo (uztailak 30), Bilboraino.