'Euskara ibiltaria' erakusketa ipiniko dute Beran, azaroaren 27tik aurrera
Herritarrentzako bisita gidatu irekia eta 'Euskararen hiru titiak eta bertze istorio miresgarri batzuk' kultur emanaldia ere antolatu dute.
Euskaltzaindiak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu dute Euskara Ibiltariaren erakusketa Berako kultur etxean, eta azaroaren 27an zabalduko dute. Berako Udalak antolatzen duen Uscaldunac garen ezquero kultur ekimenaren baitan kokatzen da.
Euskara ibiltaria erakusketaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da eta, atlasak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu erakusketak (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia).
Erakusketa bost atal nagusitan banatua dago: Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza. Atal bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasuna erakusteko.
Bestalde, herritarrentzako bisita gidatu irekia egingo dute azaroaren 29an, 18:30ean. Euskararen hiru titiak eta bertze istorio miresgarri batzuk kultur emanaldia ere izango da abenduaren 1ean, 19:00etan.
Euskara Ibiltaria online ere ikus daiteke, hemen.