Euskaltzaindiak webgunea eguneratu eta osatu du

Hainbat eguneraketa egiteaz gain, Euskararen Gramatika, Adorez Hiztegia eta Azkueren Hiztegia gehitu ditu, besteak beste.

Euskaltzaindiak 2018an aurkeztu zuen webgune berritua eta ordutik urtero egin izan dituzte aldaketak, baina oraingoan hainbat eguneraketa egin dituzte gunea osatze aldera. 

Hasteko, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren hizkuntza-baliabidea eguneratu dute. Bilatzaile berria garatu dute, bilaketa-aukera berriekin, eta hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain, zehatzagoa delako. Itxura-aldaketa ere egin diote. 

Bestetik, aurtengo eguneraketan zuzendu eta osatutako sarrerak eta azpisarrerak txertatu dira. Hortaz, 1.959 forma moldatu dituzte eta 404  forma berri gehitu. Forma berrietan egunero maiz agertzen direnak erantsi dituzte, hala nola erresilientzia, gentrifikazio, argazkia atera, gizarte langile, langile mugimendu eta bioeraikuntza. Horretaz gain, estatuetako hiriburu ez diren hirietako herritarren izenak eta udalerri ez direnenak ere bildu dituzte, esaterako, bartzelonar, mallorcar, newyorktar, itziartar, igeldoar, urrestildar...

Hiztegia barruan jasota egon arren, adibideen artean galduta zeuden eta azalpena behar duten esapideak ere jaso dituzte: astoa saldu eta mandoa erosi, txapela kentzeko modukourre(-)bitsetan bizi, zapi zikinak eguzkitara atera... 

Bestalde, adibiderik gabeko adierak hornitu dituzte eta zaharkituak zeudenak ordeztu. Guztira 1.517 adibide izan dira.

Hemen kontsulta daitezke gehitu edo moldatu diren forma guztiak.

Gainerako hiztegiekin batu
Adorez Hiztegiaren eta Azkueren Hiztegiaren edukia eta datu-basea Euskaltzaindiaren Hiztegiaren datu-basean txertatu dute, eta, hala, emaitzak modu konbinatuan ikus daitezke. 

Gainera, Orotariko Euskal Hiztegiaren hamaikagarren argitaraldia egin dute eta sarrera, azpisarrera eta adibide berri ugari daude bertan.  

Euskararen Gramatika liburuaren online bertsioa eta bestelakoak
Euskararen Gramatika liburua ere kontsulta daiteke online, eta osorik jaisteko aukera ere badago. Euskal Onomastikaren Datutegian pertsona izenen atalean azalpen testuak eguneratu dituzte eta estekak gehitu dituzte.

Hildako euskaltzainen azpiatala ere sortu dute webgunean. Bertan, euskaltzain osoen, ohorezkoen eta urgazleen fitxa biografiko osoak ikus eta irakur daitezke. 

Azkenik, Towards a Methodological Model for a Social History of Languages: a basque contribution liburua online irakurtzeko sistema garatu da. PDF eta ePub bertsioetan eskaintzen da, eta 500 orrialde pasatxo ditu.