Euskaltzaindiak 'mikromatxismo', 'trans', 'joño', 'pendrive' eta 'streaming' jaso ditu hiztegian

'Hackeatu', 'spinning', 'webcam', 'euskara gaizto' eta 'pott' ere ageri dira zerrendan.

Euskararen Akademiak 646 forma berri jaso ditu bere hiztegian azken sei hilabetetan, 295 sarrera eta 351 azpisarrera. Era berean, 1.130 forma moldatu edo findu ditu: 938 sarrera eta 192 azpisarrera.

Azken eguneraketa honetan gehitu diren sarrera eta azpisarreren artean daude honako hauek: joño, kieto, gutasun, trans, nabarrismo, pupa, zurgai, mikromatxismo, pendrive, euskara gaizto, dudan egon, egia berdadero, streaming, pott eman, pott egin, ostia txar, negar-marraska, spinning, kokorreraino, liburu elektroniko, hackeatu, webcam, indukziozko, afariketan... Hemen kontsulta daiteke zerrenda osoa. 

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak azaldu duenez, “forma berriak landu dira, bai, baina lehendik barruan zegoen informazioari ikusgarritasuna eman zaio eguneratze honetan: sarrerak berrantolatu ditugu, ezkutuan gera zitekeen informazioa bistaratu dugu... Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasuni dagozkionak: emakumeen tratamendua, egungo errealitatea... Eta esaera zaharrak adibidetegitik atera ditugu eta aparteko atal batean jaso. Barruko garbiketa handia egin dugu”.

Bestalde, Euskaltzaindiaren Hiztegian berrikuntzak ere egin ziren otsailean: alde batetik, bilatzaile berria garatu da, bilaketa aukera berriak eskaintzen dituena, eta, beste aldetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain bilatzaileak eta, beraz, "askoz zehatzagoa da".