Euskalerria Irratiak 30 urte, zorionak!

Festa antolatu dute gaur, hilak 7, Zentral Kafe Antzokian. Ez galdu!

Euskalerria Irratiak hiru hamarkada beteko ditu gaur, azaroak zazpi. Lizentzia ukapen guztien gainetik eta bazterkeria ekonomiko guztien azpitik irrati iruindarra hiru hamarkada betetzera iritsi bada, bere komunitate ahaltsu eta eskuzabalari esker izan da. Eta komunitate horretako kideei zorionak eta eskerrak emateko festa antolatu du: 8.000 entzuleak, 200 kolaboratzaileak, 1.000 bazkideak, ehunka iragarleak, lagun guztiak daude gonbidaturik.

Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk entxuferik gabe hiru bat kanta joko ditu; beste horrenbeste eginen dute elkarrekin diskoa prestatzen ari diren Joseba Tapiak, Ion Celestinok eta Nerea Erbitik; eta baita Edozein Bi taldeko kideek ere: Emausko Raperoetako Ritxek eta Soñadores natos taldeko Aingeruk hain justu.

Ordu bete inguruko ekitaldia izango da, bi hitzartze laburrekin. Urteurrena ospatzeko, kolaborazio berezia egingo du Sustrai Colinak Euskalerria Irratiarekin, elkarrizketatuak elkarrizketatuz. Azaroaren 12tik aurrera, astean elkarrizketa bat eginen du Colinak.

Bestalde, urteurrenaren astean bertan, azaroaren bostetik bederatzira, Irrintzi Dorreko estudioetatik egunero saio bat egingo du Euskalerria Irratiak: entzule baten etxetik, iragarle baten dendatik, kale gorritik eta abar. Zorionak Iruñerria!