Euskal Zinemaren festa, inoiz baino oparoagoa
Hogei euskal ekoizpen aurkeztuko dira 66. Donostiako Zinemaldian; Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta Euskal Zinemaren eta EiTBren festetan proiektatuko dira.
Hemen da euskal zinemaren festa handia, eta aurten, asko du ospatzeko. Donostia Zinemaldiaren 66. edizioak inoiz baino euskal ekoizpen gehiago hartuko ditu barnean: guztira hogei film, Sail Ofizialean, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta Euskal Zinemaren eta EiTB galetan banaturik.
Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamabi ekoizpen hartuko ditu, fikziokoak nahiz ez-fikziokoak, animaziokoak eta hala zuzendari berrien nola ibilbide luzeko zinemagileen filmak.
Sailari Ana Schulz eta Cristobal Fernández zuzendarien Mudar la piel filmak emango dio hasiera, eta klausurako filma Fermin Muguruzaren Black is Beltza izango da. Black is Beltza filmari Unax Ugaldek, Emma Suárezek, Sergi Lópezek, Maria de Medeirosek, Óscar Jaenadak, Ramón Bareak, Ramón Agirrek, Jorge Perugorríak eta Rossy De Palmak jarri diote ahotsa, besteak beste.
Bataren eta bestearen artean, Zinemaldian estreinatutako beste hamar ekoizpen ikusi ahal izango dira. Besteak beste, Oier Aranzabal kazetari eta musikariaren lehen film luzea ikusteko aukera egongo da: Margolaria. Sorkuntza-prozesuaren gakoei helduko die, Mikel Urdangarin abeslariak Alain Urrutiaren margolan bat bilatzeko egingo duen bidaiaren bitartez.
Gure oroitzapenak talde-filmean, Joseba Sarrionandiaren alde anitzeko unibertsoa erretratatuko dute hamabi zinemagilek: Oskar Alegría, Özcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugène Green, Itziar Leemans, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Machado eta Maialen Sarasua zuzendariek, eta aurten Zinemaldian bi filmekin parte harturik, baita Josu Martinezek eta Fermin Muguruzak ere.
Paul Urkijoren debuta, Errementari, Sitgesen estreinatu eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean Publikoaren Saria eskuratu zuen filma ere ikusgai izango da aurtengo Zinemaldian. Gainera, Euskal Zinemaren Galan, irailaren 25ean Victoria Eugenia antzokian, Josu Martinezen (Bilbo, 1986) Jainkoak ez dit barkatzen estreinatuko dute.
Loreak (2014), Amama (2015) eta Handia (2017) filmen ostean, aurten ere euskaraz filmatutako ekoizpen bat izango da Sail Ofizialean. Ekoizpen berezien atalean Telmo Esnalen azken lana dago, Dantza. Bestalde, Koldo Almandozek Oreina, haren bigarren film luzea aurkeztuko du; aldiriko industrialdean dago girotuta eta Kutxabank-New Directors saria lortzeko lehiatuko da.
Maddi Barber ere (Iruña, 1988) saiatuko da Zabaltegi-Tabakalera saria lortzen Itoizko urtegiaren eraikuntzaren ondorioetan oinarritutako 592 metroz goiti film laburrarekin. Kimuak film laburren aurtengo aukeran hautatutako lanetako bat da.