Euskal zinemagintza, Goyetan saritua

Lau sari etxeratu dituzte asteburuan, tartean, Arantza Echevarria bilbotarrak zuzendari berri onenarena eskuratu du; zorionak!

Igandean banatu zituzten aurtengo Goya sariak, eta euskal zinemagintza ez zen esku hutsik gelditu. Iaz Handia filmak lortutako 13 sarien errekorra gainditu gabe, baina sari potoloekin etxeratu dira euskal zinemagileak; guztira lau sari lortu dituzte aurten.

Arantza Echevarria bilbotarra izendatu dute zuzendari berri onena, Carmen y Lola (2018) filmean egindako lanagatik. Filmak, zailtasunen aurrean bere harremanaren alde borrokatuko duten bi emakume ijitoren istorioa kontatzen du.

Goya sarietako protagonista izan dira ere Another day of life (2018) filmaren atzean dauden Raul de la Fuente eta Amaia Remirez. Izan ere, animaziozko film onena izendatu dute Kanaki Films ekoiztetxe donostiarraren nazioarteko proiektua. Ryzszard Kapuscinski kazetari poloniar ospetsuak idatzitako izen bereko eleberrian oinarritzen da Raul de la Fuentek Damian Nenow poloniarrarekin koprodukzioan garatutako istorioa, eta Kapuscinski beraren irudi biziduna da filmaren protagonista.

Azkenik, Josu Intxaustegi eta Clara Bilbao bilbotarrak saritu zituzten ere. Dani de la Torreren La sombra de la ley (2018) filmean parte hartu dute biek, eta argazkilaritza onenaren saria eta jantziteri onenarena jaso zituzten hurrenez hurren.