Euskal Trailean izen emateko aukera aste honetatik aurrera

Aste honetatik aurrera Euskal Trailetako modalitate ezberdinetan izen-emateko aukerak ireki dira. Euskal Raid elkarteak antolatzen ditu zazpi mendi lasterketa hauek eta 2024koak maiatzaren 9, 10 eta 11n gauzatuko dira.

Batez ere binakako taldetan gauzatuko da aurten Euskal Traila, izen handia hartu duen Ipar Euskal Herriko mendi lasterketa. Zazpi modalitatetan banatuko da eta Baigorri edo Urepeletik abiatuko dira trailak.

Iaz minutu gutxitan bete ziren zerrendak. Horregatik azti ibili eta kontutan hartu izen emate datak, progresiboki egingo baita. Urtarrilaren 8an izan zen lehena, Trail Gormantarena (2x25km). Bigarren izen ematea Euskal Endurance iraupen lasterketarena (65 km) izango da, gaur, urtarrilaren 10eko 20:00etan irekiko dena. Honi jarraituko dio, ordu berean baina bi egun beranduago (urtarrilak 12), Euskal Trailenak (2x40 km). Bukatzeko, gainerako lauen inskripzioak urtarrilaren 13ko goizean zabalduko dira, 08:00etan, hain zuzen ere: Ultra Trail (130 km), Iluna Trail (27 km), Neska Trail (8 km) eta Ttiki Trail (1/1'5/3 km).

Izena eman ondoren, korrikalariek lau hilabete izango dituzte entrenatzeko. Gaztenek abiatuko dute traila maiatzaren 9an, bazkalostean, Baigorritik abiatuta.

Hurrengo egunean, etapa bakarreko trail guztiak gauzatuko dira, guztiak Baigorritik abiatuta. Luzeena izango da abiatzen lehena, 130 kilometro dituen Ultra Traila, 7.500 metroko desnibel positiboarekin, bakarka egitekoa. Maiatzaren 10eko goizeko 05:00etan aterako dira korrikalariak. Ordu erdi beranduago toki beretik abiatuko da Euskal Endurance, honako hau 65 kilometrokoa, binaka gauzatua, 3.800 metroko desnibelarekin. 



Ondoren etorriko diren guztiak ere binaka gauzatuko dira. Maiatzaren 10eko 17:30ean izango da Neska Trailaren txanda, etapa bakarreko 8 kilometro dituena. Iluntzean (21:30ean), berriz, Iluna
Traileko korrikalariak hasiko dira 27 kilometroko gaueko ibilbidea burutzen. 



Urepeletik abiatuko diren bi etapa egongo dira bi egunetan banatuak (maiatzak 10 eta 11). Alde batetik, Euskal Trailek 06:30ean izango dute hasiera, 40 kilometroko bi ibilbide ezberdin egingo dituzte, 2.280 metroko desnibel positiboarekin. Bestetik,
Trail Gourmantak goizeko 07:30ean hasi eta ordubetero lau abiatze txanda izango dituzte. Bi egunetako ibilbide bakoitzean 25 kilometro egitea da helburua, 1.300 metroko desnibel positibodun ibilbidean.