Euskal taldeak protagonista Bilboko Aste Nagusian

Abuztuaren 17tik 24ra bitartean, larunbatetik larunbatera, festa giroak hartuko du Bilbo, herritarrak eta leku askotatik hurbildutako bisitariak kalera irtengo baitira Aste Nagusiaz gozatzera. Eta urtero bezalaxe, aurten ere bertako pop-rock taldeek leku berezia izango dute Bilborock erakustokian.



Nazioarteko talde eta bakarlari ospetsuek Aste Nagusi osoan zehar eskaintzen dituzten kontzertu erraldoiez gain, bertako musikari bikainenek ere eszenatoki eta egitarau propioa behar zutela erabaki zuen orain 28 urte hiriko Bilboko Udalak, eta horregatik, urtero, Bilborocken ariko diren taldeak hautatzeko deialdi irekia egiten du festak baino zenbait hilabete lehenago. Aurtengoan 78 taldek hartu dute parte, eta berauen maila eta estilo aniztasuna azpimarratu dituzte antolatzaileek.

Horien artean hamasei hautatu dituzte Aste Nagusiko zortzi gauei pop-rock doinuak jartzeko, eta talde gonbidatu bat ere ariko da lehen egunean; beraz, egun bakoitzean bi banda ariko dira, eta lehenean Papawanda izango dute gonbidatu gisa The Great Barrier eta Brand New Sinclairs taldeek.

Hain zuzen, The Great Barrier Uribe kostako taldeak irabazi du 25. Bilbao Pop-Rock Hiria lehiaketa. Aitziber Omagogeaskoak jartzen dio ahotsa ongi landutako folk melodiak dakartzan taldeari, eta Iñigo Larrazabal eta Alvaro Barriuso gitarra joleek, Arkaitz San Martin baxu joleak, Maria C. Guillen teklatuak eta Claudio Pavan bateriak osatzen dute taldea.

Denetarik
Kontzertuak 20:00etan hasiko dira egunero, eta lehen taldeak amaituta igoko da bigarrena eszenatokira. Flamenkoa, runba, hip-hopa, musika elektronikoa, popa eta era guztietako rocka izango dira entzungai; Aste Nagusirako plan alternatiboa!

Taldeak


Abuztuak 17, larunbata

Abuztuak 18, igandea

Abuztuak 19, astelehena

Abuztuak 20, asteartea

Abuztuak 21, asteazkena

Abuztuak 22, osteguna

Abuztuak 23, ostirala

Abuztuak 24, larunbata