EUSKAL RAP ERRADIKALA? IRAULTZAILEA?

Negu Gorriak taldearekin estilo honi lehen keinuak egiten zebilen garaian, Fermin Muguruzak berak iragarri zuen rapa izango zela euskal musikagintzaren baitako hurrengo iraultzaren protagonista. Bete al da haren susmoa? Beteko ote?

Ion Andoni del Amo soziologoak Euskal Herriko musika historiaren gaineko irakurketa soziala ekarri du Party & Borroka tesi-liburura (Txalaparta, 2016). Besteak beste, euskal raparen  sorrera-baldintzak, potentzialitateak eta mugak ulertzeko gakoak dakartza. Odei Barroso eta La Basu MCek ere eman dizkigute puzzle hau osatzeko pieza lagungarriak.

 

LA BASU, BILBO, 1983

1999an Jungla Urbana Euskal Herriko aurreneko rap talde femeninoa sortu zuenetik, hainbat lan kaleratu ditu bidelagun ezberdinen alboan: berriena ‘Izotz Erregina’ EP-a (Taupaka, 2016) du, eta ‘Ni naiz Izotz Erregina’ euskara hutsezko lehen diskoa labean da...

Emakumea. Rapeatzailea. Euskaraz. Bilbotik. Minorizazio laukoitza? Zer egosten da Euskal Herriko izkina femeninoetan?
Ez da izan erraza emakume bakarra izana,
Euskal Herrian beti defendatzen nire lana.
Urteak pasata jarraitzen dugu rapan,
Gora gure borroka, gure hizkuntza, trakamatraka!!
Rap estetika: bat eta bakarra?
Non dago xarma? Itxuran ala karman?
Hitza beti da nire borroka, nire arma.
Estetikak galdu egin du bere garrantzia,
Mezuari ematen diogu behar duen inportantzia.
Euskal raparen behin betiko eztanda iritsiko ote?
Eztanda badago kalean,
Euskal Herrian badaukagu boterea.
Lanean jarraituko dugu tipi–tapa,
Gure mezua zabaltzen, defendatzen gure euskal rapa.
Zergatik behar du gure gizarteak eta musikak euskal rapa?
Rapa, kaleko indarra,
Guretzat beti bide bakarra.
Badakigu gizartea esnatu behar dela
Eta horrela zabalduko dugu gure mezu zabala.
Ausartu al zara inoiz Athletici buruzko koplak botatzen? Zer esango zenuke?
Nola?! Ez zait gustatzen futbola,
Nahiago dut beste edozein kirola.
Bakarrik ezagutzen dut bere afizioa,
borrokalariak beti duelako prest aizkora.
‘No more drama’ tatuatu zenuen behinola...
Bizitza... bi egun dira,
Ez dugu denbora galdu behar.
No More Drama daramat nire azalean
Jakiteko nor naizen, ez ahazteko nor nintzen.

ODEI BARROSO, URRUÑA, 1988

Bertsolaria eta irakaslea ez ezik, 2zio talde lapurtarreko rapeatzailea ere bada Barroso. ‘Pausuz pausu’ (Autoekoizpena, 2013) eta ‘Bideak’ (Autoekoizpena, 2015) diskoak kaleratu ditu Jo DJ-arekin eta Gorka MC-arekin batera.

Rapeatzaileek ordezkatu dituzte bertsolariak
manifestazio amaierako ekitaldi politikoetan.
Iraultza ala rol transakzioa?
Bada berritu beharrik, ezabatu gabe zaharrik.
Bat egiten duen horrek parte hartzen du bakarrik.
Ez kezkatu, hala diete eskatu,
Bakoitzak bere rola du eta ezin da ordezkatu.
Aldiz, raparen sehaska diren karrikak
gaztez hustu dira azken urteotan.
Lehen kalean kokatzen ziren raparen mapak
Agintearen zartak, bando arteko talkak...
Baina gauzak begira, aldatu egin dira:
Sehaska ezberdinak ditu gaur egun rapak.
Estilo berriak gure musikara ekartzea
ona ote bere horretan?
Musikan eta bizitzan, zergatik itxia izan?
Beldur naiz ote gabiltzan, hemen aspaldiko gisan.
Musika berriari aterik otoi ez hets
Baina ez gaitezen izan edozer erosteko prest.
Kontzertu-karteletako posizionamenduetan,
gora ala behera egin ote du rapak?
Ohartua naiz jadanik, askotan ez gaituztela
begiratzen rapero izanik, martzianoei bezela.
Gora ala behera ez dakit, baina piztu da kandela
ta ageri da bere argia zabaltzen ari dela.
Bat-bateko rapean ala birproduzitutakoan,
zeinetan erosoago?
Idatzitako rapak badu alde on ugari,
maiz soilik idazten diot neure buruari.
Baina hainbat emanaldi ero egin eta gero
gustoa hartzen hasi naiz bat-bateko rapari.
Hiru hilabete bete dira Ipar Euskal Herriak aurreneko berezko instituzioa duenetik.
Ezberdin argitzen ote du egunak Bidasoaren alde hartan?
Argi gehiago ez dakit baina itzala ez da handitu.
Orain indar gehiagorekin ahalko da segitu.
Baina ikusteko dago, dudak ditut, eta nituen...
Nora eraman daitekeen eta zer ekarriko duen.