Euskal pilotak berezko zentroa izango du Gasteizen
Eskola, laborategi, material ekoizle eta museo izateko asmoarekin jaiotako proiektuak Alde Zaharrean izango du egoitza datorren urtetik aurrera.
Euskaldunon kultur adierazleetako bat den euskal pilotak bere ezagutza eta dibulgazio zentroa edukiko du aurki. Pilotaren mundua eta historia ezagutzera emateaz gain, aurrera begira ere ipini nahi dute ahalegina, eta teknologia berrien laguntzaz gure kirola indartu eta gaztetu.
Egoitzak hiru eremu bereizi izango dituela aurreratu dute.
Artisau eremuan, pilotak, eskularruak eta zestak nola egiten diren ikasteko aukera izango da. Erakusketen eremuan, ordea, kirolaren inguruko informazio historikoa eta gaur egungoa izango da eskuragarri. Azkenik, berrikuntza eremuan ikus-entzunezko liburutegiak, artxiboak eta ikerketarako esparruak izango dute lekua.
Proiektua aurrera ateratzeko, lehengo bost urteetarako 200.000 euroko diru laguntza jasoko dute Europako funtsetik. Hala ere, Pilota proiektua izango den horretara pixka bat hurbiltzeko aukera badago urtarrilaren 9ra arte Santa Maria Katedraleko atarian, bertan paratutako bederatzi informazio paneletan baitago jasoa izango denaren muina.