Euskal musikarien azken nobedadeak Durangoko Azokaren Spotify zerrendan

Rock, pop eta folk musika da nagusi 56.edizioko musika zerrendan, eta astero eguneratuko dute.

Hilabete falta da Durangoko Azokaren 56.ediziorako eta giroa pizten hasi da dagoeneko, Euskal Herriko musikagintzaren azken nobedadeak argitaratu baititu Spotify zerrendan. 42 abesti zintzilikatu dituzte oraingoz, baina astero eguneratuko dute zerrenda, euskal musikari eta taldeek euren azken nobedadeak Spotifyn argitaratzen dituzten heinean. Egileei dagokienez, ibilbide luzeko musikariak zein hasiberriak aurki daitezke bertan, eta abesti originalak zein bertsioak entzun daitezke.

Estiloari erreparatuz gero, ohiko moduan, pop-rock musika da nagusi zerrendan: Audience, Insomnia, Sueder, Addar, Rolan Garces & Bandatze, Ezpalak, Etxekalte eta Habi... Bakarlariek ere presentzia handia dute: Jabier Muguruza, Iker Lauroba, Maite Larburu, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Eneritz Furyak, Olatz Salvador, Petti, Serge, Bixente Martinez, Mikel Moreno...

Folk musikan AMAK, Iñaki Palacios, McOnak eta Gorka Sarriegi, Jabi Patxon, Kherau, Kalakan eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lanak aurki daitezke. Horretaz gain, flamenkoa entzun daiteke Kilimak taldearen eskutik, Anita Parkerren funk doinu dantzagarriak, Arri!-ren musika elektronikoa, Bengo, Nikotina eta Duplaren rap doinuak edota Hodei Etxarteren Sortaldekoak poema-liburuaren haritik sortutako abestia.

Aspaldiko abestien moldaketak ere ez dira falta. Jon Maiak eta Asier Etxeandiak Gozategiren Nirekin abestiaren bertsioa egin dute, Zetak taldeak Zein ederra izango den diskoaren berrargitalpena egingo du, eta Txomin Artolaren Aberriaren Mugak abestiaren moldaketa ere bada.

Ume zein familiei zuzendutako lanak ere ageri dira, hala nola Ene Kantak taldeak edota Kantu Kolorek kaleratutako azken lanak. Azkenik, musika klasikoa gustuko dutenek German Ormazabal eta Garikoitz Mendizabalen Metamorfosia lanaz gozatu ahal izango dute.

Hurrengo asteetan hainbat musika talderen single berriak gehituko dituztela jakinarazi dute, besteak beste, Huntza, Skakeitan, Nahiak Nahi, Bastardix, STR, Dientes de Luna eta Maren.