Euskal komikigintzaren bigarren azoka egingo dute Hernanin

Azokaz gain, komiki aurkezpenak eta zuzeneko marrazketa saioa izango dira besteak beste.

HernaniKomik azoka eta jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute ostiralean eta larunbatean Atsegindegi plazan, euskarazko komikigintza erdigunean jartzeko asmoz.  Euskara hutsezko komikigintzari eskainitako azoka bakarra da Euskal Herrian eta aurtengo kartela Jon Zabaleta hernaniarrak egin du. 
 
Egun osoko azoka izango da bi egunetan eta hamar postu egongo dira bertan: Ataramiñe; Denonartean; Dobera; Elkar; Harriet; Hernani Errotzen; Herrima; Gaueko; Sare antifaxista; Xabiroi-Ikastolen Elkartea; Udalbiltza eta UNRWA Euskadi. Azokaz gain, bederatzi komiki aurkezpen ere egingo dituzte egileekin. 
 
Bestetik, ikasleentzako komiki-tailerra ere zuzenduko du Ainara Azpiaxu Axpi-k,  Hernaniko Institutuko DBH 2. mailako ikasleekin. Zuzenean marrazteko saioak ere izango dira.
 
Joseph Camino saria, Juan Luis Landarentzat
Komikigintzan egindako ibilbidea aitortzeko ematen den Joseph Camino saria Juan Luis Landa komikigile errenteriarrak jasoko du. 40 urteko ibilbidea egin du komikigintzan eta Ipurbeltz, Gabai  edota Irati komikiak sortu ditu. Ilustrazio eta marrazki bizidunen munduan ere aritu izan da Landa. 
 
Gainera, hilaren 17tik 30era, bere lanen erakusketa izango da Biteri Kultur Etxean. Era berean, Landaren Orreagako kronikak abiapuntu hartuta, udal liburutegian komiki-erakusketa bat atonduko da, Wasconicam perfidiam, Orreagako guduaren inguruan marraztu diren lanak biltzeko.
 
Komiki aurkezpenak nagusi
Azoka 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik bi egunetan. Ostiraleko egitarauari dagokionez, ikasleentzako komiki tailerra izango da goizean. Arratsaldean, IV. Komiki Lehiaketaren sari banaketa egingo dute, eta honako komiki aurkezpenak izango dira bost eta erdietatik aurrera: Uxue Alberdi eta Susanna Martinen Surflaria; Mikel Begoña eta Iñaketen Hiru etxe Santa Monikan; Iñaki Otamendi, Aritz Amillategi eta Koro Muroren Manga euskaraz; eta Maitane Gartziandia eta Eli Pagolaren Ño!.
 
Larunbatean, Juan Luis Landari Joseph Camino saria emango diote eguerdiko hamabietan. Ordutebe geroago, Dzirt-dzart saioa izango da, eta Unai Gaztelumendik eta Irati FG-k zuzenean marraztuko dute. Arratsaldean, bostetatik aurrera, honako komiki aurkezpenak egingo dituzte: Gregorio Muroren Iker eta Ixone; Amaia Telleria eta Laida Ruizen Elur gorrituaren egunak; Martin eta Xabier Etxeberria, eta Sanviren Artxipelagoa; Asisko Urmenetaren Gora Euskal Herrientsak! ; eta Juan Luis Zabala eta Mattinen  Memoriaren ibaia.