Euskal Jaiak ospatuko dituzte Donostian irailaren 11ra bitarte
Sagardo Eguna, Elkanoren Eguna, Poesia Orduak eta Gaztelu Eguna dira egitarauko ekintzetako batzuk.
Euskal Jaiak pandemia aurreko izaeraz itzuliko dira Donostiara, eta mota askotariko ekintzak antolatu dituzte irailaren 11ra bitarte. Aurtengo programazioak hamaika eguneko iraupena izango du, abuztuaren 31ko Kontxako Badiako estropaden sailkapenarekin hasita, eta 61 jarduera izango dira guztira.
Bihar Sagardo Eguna egingo dute Konstituzio Plazan, 11:00etatik 13:45era. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 38 sagardogilek ekoitzitako sagardoen dastaketa izango da bertan. Sagarra prentsatzeko artisau-prozesua ere aurrez aurre ikusi ahal izango da, eta aurtengo uztako lehen muztioa dastatzeko aukera egongo da. Berritasun gisa, sagardoa kopan eskainiko dute. Horretaz gain, bertako sagarren erakusketa jarriko dute, eta txertaketa motei eta horien teknikei buruzko tailerrak eskainiko dira. Amaitzeko, topa egingo dute eta Otsua-Enea Sagardotegiko Ximon Etxeberria eta Petritegi Sagardotegia omenduko dituzte.
Datorren asteartean, hilak 6, Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren 500.urteurrenaren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte. Goizean, 11:30etik 13:30era, eta arratsaldean, 15:30etik 18:30era, Eko Txokoa parke ludiko eta hezitzailea irekiko dute, "baliabide naturalen zentzuzko erabilera sustatzeko". Itsasoarekin lotutako puzgarriak izango ditu txikienentzat, eta Elkano irudikatzen duen buruhandi bat ere bai, haurrek harekin argazkiak atera ditzaten. Arratsaldean, 19:45ean eta 21:00etan, Easo Abesbatzak Aitona Julian III itsasontzitik abestuko du, kaian joko den pianoak lagundurik. Halaber, Kresala Dantza Taldeak Amoria & Dolore Elkano Lehen Mundu Bira ikuskizuna eskainiko du Aquarium pareko arrapalan.
Irailaren 7an eta 8an, berriz, Poesia Orduak ekimena izango da. Asteazkenean, Castillo Suarez eta Juantxo Zeberiok Alaska eskainiko dute eta hurrengo egunean Joseba Sarrionandia eta Ines Osinaga arituko dira, Olatu arteko txalupe arraroa emanaldian.
1813-2022 Ate Zaharberriak oroimenezko ikuskizuna ere prestatu dute irailaren 9rako, 20:30ean, Irun Plazan. Donostiaren historia izango du ardatz, 1180an sortu zenetik gaur egunera arte. Gaztelu Eguna ere ospatuko da irailaren 10ean, hiria berreraikitzeko eta 1813an Zubietako Aktak sinatzeko erabakia gogorarazteko. Ekitaldiak 11:30ean hasiko dira, Trinitate plazatik Urgulleko gaztelura ibilbidea eginda, eta 20:30ean amaituko da Konstituzio Plazan Zubietako Aktak irakurriz.
Bestelako ekintzak ere izango dira, hala nola Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutako Marmitako Lehiaketa, Sarriegi Plazako Sardina Jatea, badiaren igerian zeharkaldia, pilota txapelketak, estropadak, dantza sueltoko txapelketa eta bertsoak.
Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.
