Euskal ingurune digitaleko emakumeen lana aitortzen duen Gladys Sarirako hautagaitzak aurkez daitezke
Ekainaren 20ra arte bidal daitezke hirugarren ediziorako proposamenak.
Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da.
Gehienez berrogei urte beteko duten emakumeei zuzenduta dago, eta hautagaien egoera pertsonalak bere ibilbide profesionalean izandako eragina izango du kontuan epaimahaiak. Hautagaitzak proposatzeko aukera dago eta norberak edo erakunde batek eman dezake hautagaiaren izena. Azken kasu honetan, hautagaiaren merezimenduak azaldu beharko dituzte hautagaitza aurkeztean.
Gladys Sarian izena emateko epea ekainaren 20a arte egongo da zabalik www.gladyssaria.eus webgunean. Irabazleak 4.000 euroko saria jasoko du. Horrez gain, irabazleari bere jarduna azaltzen duen bideo laburra grabatuko zaio antolatzaileek gazteen artean zabaltzeko, eta hauekin adostutako eskoletan eta Kaixomundua.eus lehiaketaren sari banaketan hitzaldi motibatzaileak emango ditu.
Ane Iturzaeta Agirre (Donostia, 1995) izan zen lehen saritua eta iaz, berriz, Olatz Perez de Viñaspre (Gasteiz, 1987) izendatu zuten saridun.
Gladys Saria PuntuEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak sortu zuten 2021ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren, EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren eta Danobatgroup industria-taldearen babesarekin. Aurtengo edizioan Emakunderen babesa ere badu.