Euskal idazleak elkarrizketatzen
Edozein euskal idazlek prest egon beharko luke hurrengo elkarrizketa moten aurrean.
Eman ta zabal zazu. Ohikoena. Dagoeneko eginda dagoen elkarrizketa batean oinarrituta (kopiatuta). Argitaletxeak promoziorako zabaldu duen elkarrizketa bera, normalean. Kazetariak ez du liburua irakurri, baina behintzat jatorrizko elkarrizketa hori bai, ez gara kexatuko. Elkarrizketa mota honek idazlea psikosira bultza dezake, hamaika aldiz bere influentziak, bere proiektu literarioak eta noiz hasi zen idazten kontatu behar baitu. Modu kreatiboan har daiteke eta elkarrizketa bakoitzean zerbait berria asmatu, etorkizuneko biografoak zoratzeko.
Zu ere kazetari. E-postaz sei-zazpi galdera jasoko ditu idazleak (jatorrizko elkarrizketakoak hauek ere), erantzun eta bueltan bidali beharko dituenak. Pare bat ordutan, ahal baldin bada. Elkarrizketa bere horretan publikatuko da. Ziurrenik kazetariak ez du irakurri ere egingo. Idazlearentzat motibazio bakarra tarteka akats gramatikal eta ortografikoak sartzea izango da, errua kazetariari botako dioten esperantzan.
Do it yourself. Aurrekoaren bariante makurra. E-mailez perpetratua hau ere. Kazetariak ez du denborarik izan liburua irakurtzeko, ezta jatorrizko elkarrizketa irakurtzeko ere, eta zuk zeuk galdera batzuk pentsatzeko eskatuko dizu. Gero zuk zeuk erantzun beharko dituzunak. Epe-muga bat jarriko dizu. Azken bolada honetan titularra eta QuarkXpress maketazioa ere ari dira eskatzen zenbait kazetari.
Tangentziala. Kazetariak ez du liburua irakurri, eta ez zaio profesionala iruditzen beste elkarrizketa batean oinarritzea. Beraz, liburua irakurri gabe egin daitezkeen galderak asmatuko ditu. Tituluaren zergatia, azalaren kolorearen zergatia, zure argazkiaren plano motaren zergatia, liburua 210. orrialdean bukatzearen arrazoia
Intimista. Irratian eman ohi da. Kazetariak ez du liburua irakurri eta autorean zentratzea erabaki du. Autorea hirugarren pertsonan tratatua izango da: baina lasai, zuri zuzentzen ari zaizu. Eta, zein da Xen beldurrik sakonena?
Maiteminduta egon al da X? Bizitza hau bidaia baldin bada, non egingo luke geldiune bat Xk? Ez kezkatu, bizitza sexualaz ez dizu galdetuko (azken finean, euskaldunak gara).