Euskal herritarren bideo bitxiak erakusten dituen Instagram kontua

Egunerokoan ikusitako eszenak erakusten dituzten bideo laburrak zabaltzen ditu.

Egunerokoan presaka eta gure gogoetetan murgilduta ibili ohi gara askotan, baina inguruari erreparatuz gero, kontu bitxi asko ikus daitezke. Hain zuzen ere, inguruan gertatutako une edo testuinguru bitxiak biltzen ditu Instagrameko @punkymoderno kontuak. Zarautzen, Getarian, eta Donostian gertatutakoak ageri dira bideoetan, baina bestelakoak ere badira, Erromako bat esaterako. 

Bideoetan euskal herritarrak ikus daitezke batez ere, gauza bitxiak egiten edo testuinguru xelebreetan: hondartzan karatekarena egiten ari dena; mozorrotuta eta ibilgailu berezi batean doan taldea; farolan itsatsita agertutako jostailuzko zakila; txakurra bizkarrean daraman motorzalea; aparkalekuak dauden belardian etzaulkian jarrita dagoena; jaietan mozkor-mozkor eginda itsasertzean balantzaka eta pixa egiten ari dena; parapentearekin, halamoduz-edo, Zarauzko hondartzan lur hartzen duena; hondartzan yoga posturak edo ariketak egiten ari direnak; gauez, kale erdian, petrilean, lo daudenak; dantza mugimendu bereziak; txakurra guneak itxi eta jendea bertatik ez pasatzeko erabiltzen den plastikozko zinta batekin lotuta daramana; zuhaitzaren hostoekin boxeoan ari dena; sorbaldan daraman papagaiak kaka gainean egiten dion mutila... Eta beste hainbat harribitxi.

Seguruenik irribarrea aterako dizute zenbait bideok eta eguneko karga arintzen lagunduko dizute. Izan ere, zer litzateke bizitza aliritzira gertatzen diren momentu bitxi horiek gabe, ezta?