Euskal Herriko zer toki du kutun Aitana musikari kataluniarrak?

Estreinatu berri den dokumentalaren azken atalean hitz egin du Aitanak honi buruz.

Aitana musikariak sei atalez osatutako Metamorfosis dokumentala kaleratu du eta azken atalean Euskal Herriko leku bat agertzen da, Aitanak oso gogoko duena. Musikariaren zalea bazara edo komunikabideetan berari buruzko albisteak irakurri badituzu, ziur asko jakingo duzu zer tokiri buruz ari garen. Bai, kostako herri ezaguna da, Zarautz hain justu ere.

Lehen ere bisitatu izan du musikariak Zarautz eta surfa praktikatzeko ere aprobetxatu izan du, oraindik ere gutxi aritu dela aitortzen duen arren. Aritz Aranburu surfista laguna du eta harekin batera ibili izan da. Dokumentalean egun lainotsu batean itsasoan sartzen ikus daiteke Aitana, surf egiteko, eta hotzaren beldur da. "Beti gauza bera egiten du, beldurra eta urduritasuna sentitzen du, baina beti ederki aritzen da, bere kontzertuetan gertatzen den bezala", adierazi du Aranburuk. Aitanak aipatu du "ikaragarri miresten duela" Aranburu.

Gipuzkoako kostaldeko herriak "bakean" sentiarazten duela nabarmendu du Aitanak. Bere hitzetan, ez omen da askotan joaten, bereziki bere energia kargatzeko beharra duenean bertaratzen da.

Netflixen ikus daitekeen dokumentalean hainbat gairi buruz hitz egiten du musikariak: ospearen eragina eta alderdi iluna, Sebastian Yatrarekin izandako harremana, bere lehengusinaren kaleratzea, familiarekin duen harremana, pairatutako depresioa eta estresa... 

Zuk ikusi al duzu dokumentala? Hala bada, zer iruditu zaizu? Kontaiguzu sare sozialetan!