Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak martxan

Azaroak 1, 2 eta 3 Durangon!

Salda Badago lemapean, mugimendu feministak Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak aurkeztu berri ditu. Azaroaren lehen hiru egunetan egingo dute Durangon, eta ekainaren 7an irekiko dute izen-ematea. Bost ardatz zehaztu ditute antolatzaileek:

"Su motelean luze irakin dugun iraultza gara, salda gara. Hamaika osagai eta mila zaporekoa. Ez dago errezeta bakarra. Orotarikoak gara, anitzak, zahar bezain berriak, handik eta hemendik datozenak, doazenak; eta badakigu nahasita sendotu egiten garela. Ezagunak eta ezezagunak, guztiak ondo etorriak, kikaraz kikara lapikoak gainezka egin arte. Bertan daude belaunaldiz belaunaldi partekatutako beroa, iraultza, borroka. Garai bakoitzak bere beharrak, bere lehentasunak, bere gatza eta bere piperra. Izan ere, sukalde-lanean aspaldi ari gara tokatu zaigun honetarako ere.

Mugimendua gara, antolatuta gaude, saldan bagaude. Badakigu zer den amorruz irakitea, eta baita salda beroz elkar-osatzea ere. Badakigu albokoa gozatzen baina baita erasotzailea erretzen ere. Matxismoa, faxismoa, arrazakeria, kapitalismoa, lesbofobia, transfobia… hil eta gero, salda bero!

Lehengaiak baditugulako, salda badago. Mugimendua garelako, bizitza bizigarri egitera gatozelako, iraultzan garelako, indarkeriei eta zapalkuntzei planto egin diegulako. Feminismoan gara eta mugimendu feministan gaude, eta bai, badago zer edan. Bor-borka ari da aspaldian, eta gainezka egingo du azaroan.

Beraz, ekarri zurea eta egin topa, denontzako salda badago-eta!"

 

Euskal Herriko Jardunaldi Feministak

Euskal Herriko Jardunaldi Feministak mugimendu feminista autonomoak mugimenduaren ildo estrategiko nagusiak eztabaidatzeko antolatutako jardunaldiak dira. Lehenak, 1977ko abenduan izan ziren Leioan eta 3000 emakume bertaratu ziren. Geroztik, momentu ezberdinetan jardunaldiak antolatu izan dira, 1984an eta 1994an EHUko Leioako Campusean, eta 2008an Portugaleteko Nautika Eskolan.