Euskal Herriko objektu tradizionalen diseinu lehiaketan parte hartutako lanekin erakusketa antolatu dute Donostiako San Telmo museoan
Gatzontzia izan da edizio honetan aukeratutako objektua eta musoeko gastrokultura gunean ikusgai izango da, beste objektu batzuekin batera.
Bitamine Faktoriak bosgarren urtez antolatu du HAU Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketa, San Telmo Museoa, Mondragon Unibertsitatea, Aranzadi Zientzia Elkartea eta EIDE Euskal Diseinuaren Elkartearen laguntzarekin. Euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea du helburu lehiaketak. Batetik, tradizioaren inguruko ikerketa sustatzen du, usadioak eta ohiturak ezagutu eta berreskuratzeko; eta, bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen du, diseinu garaikidearen begiradatik.
Deialdi honetan gatzontzia berraztertzea proposatu da, sukaldean eta mahaian gatza gordetzeko erabiltzen den ontzia. Hogeita zazpi proiektu aurkeztu dituzte, eta Pedro Galdonek sortutako Desocupación del cilindro salero lanak irabazi du. Galdonen proiektuaren inguruan honako hau adierazi du epaimahaiak: "Trebetasunez eta sentikortasunez uztartzen ditu objektuaren alderdi teknikoak, funtzionalak eta formalak. Artisau-manufaktura nabarmentzen da, pieza bakoitzari esklusibotasuna ematen diona, eta tradizioan inspirazio nabarmena proposatzen duen arren, euskal eskultura tradizionalari keinu argia eginez diseinua denboraz kanpokoa da, eta horrek luzaroan irautea ekarriko du. Bere ezaugarri nagusietako batzuk gaur egungo usadio eta ohituretara eguneratzen ditu. Arrazoi horiek guztiek proiektua baliozkotzen dute eta merkatuan modu jasangarrian sartzea bideragarri egiten dute.”
Galdonen gatzontzia San Telmo museoko gastrokultura gunean ireki duten erakusketan izango da ikusgai irailaren 30era arte. Gatzontzia berrinterpretatzerakoan egindako ekarpenagatik epaimahaiak nabarmendu dituen proiektu finalistak ere izango dira bertan: Oier Bengoetxea, Jon Larrucea eta Mark Zabaletaren Harreman; Natale Armendariz, Ane Ozkoidi eta Itziar Sanchezen Zain; eta Pablo Alvarez eta Adriana Gonzalezen Zorro-garratz. Hauekin batera, "gatzontzirako aplikazio moldagarriak imajinatzen egindako ahaleginagatik" aukeratu dituzten hauek ere parte hartuko dute erakusketan: Maite Txakartegi, Haizea Aranbarri, eta Karmele Olariagaren Eskama; Saroa Azkarate, Ainhoa Maurolaglitia, eta Enara Lopezen Errota; Gaizka Basterrechearen Lauwood; eta Naroa Chaves, Maialen Delgado eta Elisabeth Perezen Xalau.
